argia.eus
INPRIMATU
Immigrazioaren politika berritzeko gogoeta kolektiboa larunbatean Bidarten
  • Asilo eta immigrazioari buruzko lege proiektua aztertzen hasi zen Frantziako Legebiltzarrean iragan asteartean. Egun berean, Hendaian, Bizi! mugimenduak deitua, lege horren eta Erretentzio Zentroaren aurkako ekintza arrakastatsua burutu zuen herritar talde batek.

     

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko apirilaren 06a
Bizi! kolektiboaren ekintza Hendaiako Erretentzio Zentroaren inguruan; apirilaren 2an, Jose Bove eurodiputatua erdian delarik. Bizi! kolektiboaren ekintza Hendaiako Erretentzio Zentroaren inguruan; apirilaren 2an, Jose Bove eurodiputatua erdian delarik.

Migrazioen Estatu Orokorrak izeneko kolektiboak Ipar Euskal Herriko bilkura eginen dute bihar Bidarteko Estia ingeniaritza eskolan. Antolatzaileek Emmanuel Macronen Gobernuaren asmoak salatu dituzte.

Lege berriak bi xede omen dauka: “Paperik gabekoen” urruntzea “erraztea”, eta asilo eskaeren erritmoa “bizkortzea”.

Etorkinekin kolektiboak kontrako asmoa ikusi du ordea: “Legeak etorkin on eta txarren arteko bereizketa sustatuko du, eta etorkinen kanporatze azkarra erraztuko”.

Migrazioen Estatu Orokorrak ekimenak 470 elkarte eta eragile biltzen ditu Frantzian. Kari horretara, Ipar Euskal Herrian, Bidarteko (Lapurdi) Estia ingeniaritza eskolan eztabaidatuko dute gaia.

 “Helburua jende anitzek parte hartzea da, elkarteak, eragileak, baita herritarrek ere, etorkinek barne”, aditzera eman du LABeko kide Argitxu Dufauk

Bidarteko bilkuraren xede behinena, etorkinen egoerari buruzko diagnostikoa egitea da

Bidarteko bilkuraren xede behinena, etorkinen egoerari buruzko diagnostikoa egitea da.

Etorkinekin kolektiboko Eve Navarroren ustez “Frantziako Gobernuari erakutsi behar zaio herritarren eta gizarte zibilaren proposamena indartsua dela, baita politika berriak ezartzeko praktika alternatiboak badaudela  ere”.

Euskal Herriko Estatu Orokorren eztabaiden sintesia Frantziako koordinazio taldeari helaraziko diote eta maiatzaren bukaeran bilkura orokorra gauzatuko dute eta geroko ekintzak nola bideratu ebatziko dute.