argia.eus
INPRIMATU
IMEC, lehen albo-kaltea

Mikel Aramendi 2023ko azaroaren 07a
IMEC India - Ekialde Hurbila- Europa korridorea / Frontline

Odol-putzua (Gazakoa, oraingoz; eta espero dezagun hangoa besterik ez izatea, gehiegizkoa baita jada hilabete honetan ikusi duguna) lehortzen denean, eta jazoera guztia argi luzeagoekin behatzeko garaia heltzen denean, agian, inor ez da oroituko. Total, jaio eta hilabetera hezur-haragizko haur sakailatuak hainbeste ikusi eta gero, mereziko ote du kezko zerbaiten heriotza deitoratzeak? 

Baina egia da, dagoeneko, albo-kalte geopolitiko potoloa egin duela urriaren 7an sutu zenak. IMEC du, zuen, izena: India-Middle East-Europe Economic Corridor. Irailean, Gazakoa sutu baino hilabete lehenago, bueltako kanpaiekin plazaratu zen asmo handiko proiektua. Munduko herrialde populatuena, India, munduko merkatu aberatsena, Europa, eta munduko energia-ekoizle nagusienak oparotasunez eta adiskidantzaz lotu behar omen zituena. Izenburu deskribatzaile luzean, haatik, ez zetorren jaioberriaren aitapontekoa, AEB, baina berdin zion: mahaiburuaren alboan eserita zegoen Biden presidentea irailaren 9an New Delhiko G20arekin batera entitatearen sortze-akta sinatzean. 

Argi baino argiago zegoen Txinaren Belt and Road Initiative-ak hamar urte betetzen zituela eta arrandiaz ospatzear zuen foroaren kontrapuntua izan nahi zuela IMECek. Baina ez zen ke hutsa; sakonagoko kontuak ere antzematen ziren egitasmoan. Eta Blinkenen lantaldeak bazuen pozik egoteko motiborik. Handik egun gutxitara Jack Sullivanek egin zituen adierazpen ahaztezinak ez ziren gaupasa zoriontsu baten ondorengo ateraldiak. 

IMECek, alde batetik (seguruenera, AEBrentzat garrantzizkoena zenetik), mesede ordainezina –edo hobeto esanda, Indopazifikoko Quad-ean sozio leial izanez ordaindu beharrekoa– egiten zion Indiari: Txinak bezala, erregaien premia aseezina dauka Indiak, etorkizunean gutxituko ez dena; eta ez horren harreman gozoak herrialde arabiar eta islamdarrekin, bere gutxiengo musulmanak pairatzen duen bizimodu hitsa dela eta. IMECen bigarren asmoa, zalantzagarriagoa, Saudi Arabia eta Israelen arteko bakea interesaren kolarekin itsastea izango zen. Eta azkenik, hartara, Europa behartsuak ere energia lortzen bazuen... 

Urriaren 7tik hilabete igaro denean, IMECen ipuin guztia pikutara joan da, odol-putzuan itota. India ahalik isilen dago Gazako sarraskiaren aurrean, sua etxera sar ez dakion. Israel eta “arabiar zintzoen” arteko harremanak urte askotarako zapuztuta geratuko dira, inoiz onbideratzen badira, Txinaren BRIak bere buruhausteak izango ditu, baina IMEC ez da izango horietako bat. 

Geroak, biharamunak kasik, ematen duen perspektibarekin, zer pentsatua ematen du duela bi hilabete eskas serio-serio irakurtzen genuenak...