Imanol Murua Uria kazetari zarauztarrak irabazi du Tene Mujika beka, Loiolako hegiak izeneko proiektuarekin. Laugarrenez banatu dute sari hori Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Lehen urtean Ramon Olasagasti izan zen irabazlea (sariaren laguntzaz idatzi zuen Mendiminez liburua); bigarren urtean hutsik geratu zen saria; eta hirugarrena Alberto Barandiaranek irabazi zuen (aurtengo udaberrian kaleratuko da haren lana). Epaimahaikideek Imanol Muruaren proiektua nabarmendu dute aurten. 1996an eta 1998an Irlanda eta Palestinako gatazkei buruzko liburuak plazaratu zituen, eta euskal auzia landu nahi du orain, 2006ko udazkenean EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako elkarrizketa eta negoziazioak, hain justu.