argia.eus
INPRIMATU
Imanol Ibero hautatu dute Nafarroako EHNEko lehendakari
  • Iberorekin batera Haritz Migueliz abeltzaina izendatu dute idazkari nagusi gisa. Zuzendaritza guztiz berritu du EHNEk. Larunbatean Berriozarko Mendialde ikastetxe publikoan eginiko VI. biltzarrean, presidenteaz gain, zuzendaritzako postu guztiak aldatu zituen sindikatuak.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 03a
Zuzendaritza berriko kideak (Arg.: EHNE).

Taldea osatuko duten gainontzeko zortzi kideak honakoak dira: Juan Jose Elizalde, Fermin Gorraiz eta Martin Aldaregia abeltzainak, Alberto Benito eta Felix Floristain nekazariak eta Eduardo Bidaurreta, Fernando Eslava eta Javier Martinez artzainak.

Gure nekazaritza zuen elikadura lelopean egin zen biltzarrean 152 delegatuk hartu zuten parte, sindikatuak dituen 1.300 kideen izenean. Hauez gain, beste hainbat sindikatu eta alderdi politikotako ordezkariak izan ziren bertan, tartean ELA, LAB, ELB, EH Bildu, Geroa Bai, PSN eta Ahal Dugu-ko kideak.

Fermin Irigarairen erreleboa hartu duen Iberok, kongresu amaieran emaniko hitzaldian, gogoan izan zituen sektorea jasaten ari den krisi egoera eta, etorkizunera begira klima aldaketak eta bioaniztasunaren suntsiketak ekar ditzakeen ondorioak. Presidente berriak TTIParen aurka egiteko beharra azpimarratu zuen. Gainontzeko euskal lurraldeekin harremanak sendotzearen alde ere jo zuen: “Hizkuntzak, historiak eta kulturak ez ezik, elikadurak ere egiten gaitu herri” .