argia.eus
INPRIMATU
Imajinatzen
  • Gori Georgiako herri txiki eta nahiko zatarra da. Bere antzinako adreilu eta egurrezko etxeak ia desagertu dira egun, gerrek eta elurteek suntsituta edo, besterik gabe, porlanezko bloke itsusiek ezkutatuta. Bakar bat mantendu da egundaino osorik eta orbaingabe. Ez da harritzekoa, beste eraikin batek babestu baitu azken 70 urteetan. Elkarren gainean egon dira biak, errusiar panpinen eran. Azpikoan jaio zen, hain juxtu, inoiz izan den georgiarrik famatuena: Iosif Bisarionovitx Jugashvili, "Stalin" izengoitiaz ere ezaguna.

Karlos Zurutuza @karloszurutuza 2008ko abuztuaren 04a
Stalinen etxea Gorin. (Arg: Karlos Zurutuza)

Osetiarrek eurentzako aldarrikatzen dute Stalinen figura. Izan ere, Gori herria Hego Osetiako mugatik oso gertu dago, eta askok diote Stalinen aita osetiarra zela, "Jugashvili" abizenak, "Jugaev" osetia izenean duela jatorria. Teoria honen aburuz, bere aitak (edo aitonak) georgiar ohiko bukaera erantsiko zion bere familia-izenari diskriminazioa saihestearren.

Etxe alboan, Stalini dedikatutako museoa bisitatu daiteke, bai eta bere bagoi pribatua ere. Baina erretratu, argazki eta tonaka kondekorazioak baino askoz ere interesgarriagoa iruditu zait bera jaio zen etxe ttipia. Stalinen jatorri umilaren lekuko da, bere gaineko doriar erako tenpluarekin batere zerikusirik ez duena.

Txikitan imajinatzen dut Jugashvili: euria egiten zuenean aterpean jolasten, edo barandatik eskegita; eskailerak txingoka igotzen, eta saltoka jaisten... Bere ama leiho horren atzean arituko zen etxeko lanetan, bere semetxoa bistan zuela aldi berean. Nekez imajinatuko zuen haur hori historiako hiltzailerik handiena bilakatuko zela.