argia.eus
INPRIMATU
Ilarra eta magitxa, zein baino zein
  • Ilarraldi betean gara. Etxean ikasia dugu ilarra dela udaberrian berdetan edo freskotan jaten den ale biribila (Pisum sativum). Baina izen asko du, etxe-ilar, poidezantur, irar, itxilar, ilar biribil, ilar xehe, ilar berde, ilar orlegi, ilar gozo, ilar bera, ilar txiki, ilar xuri, ilar-xixa eta besteren bat ere bai, segurki.

    Denborarekin eta etxetik atera eta batean eta bestean galdetu edo gabe entzundakoekin eta irakurritakoekin ikasi dut leka barruan hazten den ale ugariri esaten zaiola ilarra; beno, nire ustea besterik ez da. Hizkuntzalariek hitz egin dezatela...

Jakoba Errekondo 2021eko maiatzaren 20a

Era askotara entzun izan dut “ilar” hitza beste hainbat lekazi edo lekale izendatzeko. Hona dakizkidanak aletuta, leka bezala aletuta edo irakurrita. Babarrunari (Phaseolus vulgaris) ilar, indilar, mailar, marikol, ilar beltza, nafar-ilar, ilar habetako, ilar zuri, ilar gorri, ilar luxe, ilar nabar, ilar motz eta baba erroma. Dilistari (Lens culinaris) ilar zabal, ilar xabal, ilar xehe. Txitxirioari edo lelikotari (Cicer arietinum) ilar-xixa, nafar-ilar, marikol eta mairu-ilar. Lekari (Phaseolus vulgaris) ilar-leka, ilar fresko, ilar berde. Aizkolari (Lathyrus sativus) ilar latz. Lathyrus odoratus-i ilar usainduna. Txirintxoiari (Medicago sp.) idar beltz. Vicia lutea-ri garilar eta idar beltz. Astailarra (Lathyrus aphaca). Sulari (Hedysarum coronarium) suge-ilar.

Bada bai ilarretik gure inguruan. Ilarraren alea bazka oso ona da guretzat bezala gure abereentzat. Bazka ona animaliarentzat eta lurra aberasten duena. Lekadun guztiek lurra nitrogenoz osatzen dute, lurpean, sustraietan apopilo hartzen dituzten bakterio berezi batzuen lankidetza dela medio.

Aleaz gain, bera dakarren leka ere jaki aparta da. Leka edo teka edo ilarteka edo zeruka edo magia edo magina edo ziskua. Irakurri edo aletu behar den horrek ere izango du izen gehiago... Babarenari (Vicia faba) teka, leka edo zerukaz gain baba-zekale ere esaten zaio.

Aparteko gozotasuna aitortzen zaie bereziki leka jateko ereiten diren ilar barietateei. Ilarraren azpi-espezie gisa sailkatzen dira: Pisum sativum subsp. arvense. Fruitua heldutasunera iritsi aurretik, barruan aleak arrasto ttiki-ttikiak besterik ez direlarik, oso-osorik jaten den gutizia da. Iparraldean teka eta Uztarrozen magutxa edota magitxa esaten zaie fruitu berezi horiei. Kolonizatuok “tirabeque” edo “bisalto” edo “mangetout” edo “pois gourmand”esaten diogu.

Esaerak ederki dio noiz erein behar den ilar jende hori: etxilarra erein San Moritzerako, ez zaizu murriztuko. Zein erlijiotakoa zaren, arabera horretara erein beharko duzu; San Moritz irailaren 22a da katolikoentzat, abenduaren 27a ortodoxoentzat, eta hileroko 25a ortodoxo koptoentzat. Ni, oraingoan, ortodoxoa naiz. Eta abenduko ilgoran biak ereingo nituzke, ilarra eta magitxa. Baina kontuz, gezurrari ere “ilarra” esaten zaio. Eta “magitxa” lizunkerietako bazkari ere bai...