argia.eus
INPRIMATU
Antton Olariaga
“Ilargiari beste modu batean begiratzen diot orain”
  • Ilargi eta landareen agenda kaleratu berri du beste urte batez ARGIAk eta produktu honen marrazkilari ofiziala da honezkero Antton Olariaga. 2022ko agendari ere berak jarri dizkio irudiak; marrazkiekin jendea laguntzen eta Jakoba Errekondoren “mundu aberatsari” bultzadatxo bat ematen saiatu dela dio. “Jendeak zailak direla uste duen gauzak marrazkian ikusi eta ‘aiba! ni hau egiteko gai banaiz!’ esateko ideiarekin egin ditut”.  

Garazi Zabaleta 2021eko azaroaren 01a
Argazkia: Dani Blanco.

Badira urte mordoxka bat Bizi Baratzeko proiektuetan parte hartzen duzula.

Bai, harreman handia dugu honezkero, esanen nuke Jakoba eta biok kasik lagun ere bihurtu garela! (barreak). Ez, orain benetan, ederki moldatzen gara, ni ignorante hutsa naiz gai hauetan, baina berak hain goxo eta ongi esplikatzen ditu gauzak! Erraztasun handiak ematen dizkit, eta gozamena da horrelako testugile batekin lan egitea. Gainera, bera ere paisajista da eta badu bere sentsibilitatea. Gustatzen zait proposamen bat bidali eta haren iritzia jasotzea.

Ongarriena da aurtengo gaia. Ez dakit marrazteko gauzarik errazena ote den…

Ongarrien gaia oso zaila zen niretzat, ez baita mugitzen, ez da biziduna, tresna bat ere ez da… Baina tira, ez dakidanaren inguruko desafioak asko gustatzen zaizkit. Buelta asko eman nizkion kontuari, agendan hilabeteak zabaltzen dituzten ilustrazio horiek nola enfokatu nitzakeen pentsatzen, eta Jakobarekin ere asko hitz egin nuen. Azkenean, ongarrien inguruan egiten diren ekintzak jasotzea erabaki nuen, adin guztietako pertsonak erakutsiz lan horietan. Aizu, mahaian denek jaten badute, lana ere denek egin beharko dute, ezta? Irudimenarekin jokatu dut agenda honetan ere, eszena bakoitzean pertsonaia eta paisaia diferenteak kateatuz.

Garai bakoitzean hainbat ongarri mota nola egin ikasiko dugu, beraz?

Bai, eta aldian behin tresnaren bat ere tartekatu dut: lurra iraultzekoak, ongarria ematekoak… bestetik, irudiei perspektiba pixka bat ematen ere saiatu naiz, zelaiak-eta ikus daitezke, edo abereak urrutian, edo ukuiluan… Azaldu beharrekoak gauza deskriptiboak direnean, irakurtzeko marrazkiak egiteko joera dut normalean. Eszena horiek irakurri egin behar dira, eta hori da aberatsa nire ustez, irudiak ere irakurtzen jakitea.

Ilargiaz, lurraz eta landareez asko ikasi izan duzu urte hauetan guztietan, ezta?

Dudarik gabe! Pixkanaka ezagutzen joan naiz, eta deskubrimentu autentikoak dira zenbait gauza. Adibidez, zoragarria iruditzen zait niri lur azpiko borroka: nork egiten dion kalte nori, nork babesten duen nor, nork uxatzen dituen xomorroak, nork elikatu… Lur azpiko gerra hori ez da Gerra Hotza, bero-beroa baizik! Apasionantea iruditzen zait hori guztia. Dena den, praktikara ez dut eramaten, baratzerik ez dut-eta… Asfaltoko umea naiz ni! Baina bai, egia da ilargiari beste modu batean begiratzen diodala orain.