Txinako Chang'e-6 misioak Ilargiaren alde ezkutuko laginak hartu eta Ilargiaren orbitara aireratzea lortu du. Alde ezkututik egin den lehen aireratzea izan da.
Ekainaren 2an lur hartu zuen Chang’e 6 zundak Ilargiaren hego poloko Aitken arroan. Bi egunez laginak jasotzen aritu da; lurpekoak, zulagailuaren bidez, eta gainazalekoak, beso robotiko batekin. Kapsula Lurrera iristean jakingo da zehazki zenbat lagin hartzea lortu duen, baina 2 eta 3 kg artean izatea espero da (Chang'e-5 misioak 1,7 kg ekarri zituen).
Laginketak amaitu ondoren, zundak gurpildun kamera txiki bat atera, metro batzuk urrundu, eta argazkia atera zion zundari, beso robotikoa luzatuta zuela (goiko irudia). Laginak ongi gorde, eta ekainaren 4 goizean aireratu zen. 6 minututan iritsi zen ilargiaren orbitara. Ondo bidean, ekainaren 6an modulu orbitalarekin akoplatuko da, pintza eta barren bidezko sistema berritzaile bat erabiliz. Gero, laginen edukiontzia igoerako etapatik itzulera-kapsulara pasako da, kremailera mekanikodun transferentzia-mekanismo baten bidez.
Modulu orbitala ilargiaren orbitan egongo da 14 egunez, Lurrerantz abiatzeko une egokia iritsi arte. Dena ongi ateratzen bada, ekainaren 25ean iritsiko da kapsula Lurrera. Lehenengo aldiz, ikertzaileek eskura izango dituzte Ilargiaren alde ezkutuko laginak.