Martxoaren 16tik ikuskaritzak etenda ditu Eusko Jaurlaritzak, baita Osalanekoak ere. Goardia baino ez da bermatzen ari Osalan. Zein kontrol egin ahal izan die enpresei ikuskaritzarik gabe, koronabirusaren babes neurriak betetzen dituzten bermatzeko? Kutsatzaileak diren enpresek eskuak libre izan al dituzte hilabete honetan?
Eusko Jaurlaritzako langileek argazkian ikus daitekeen mezuaren bidez jakin zuten ikuskaritzak eten behar zituztela. Geroztik sindikatuek maiz salatu dute enpresetan ez direla osasuna bermatzeko neurriak hartu. Apirilaren 14an itzuliko dira oinarrizkoak ez diren industria lantokietako langileak lanera eta hauetan aplikatuko diren prebentzio planak dira berriro ere kezka iturri.
Martxoaren 16tik Osalanen ikuskaritzak etenda daude, istripu kasuetan salbu, oharrean irakur daitekeenez. Apirilaren 13 eguerdian administrazioko langileek ez zuten bestelako oharrik jaso geroztik.
Nola ulertzen da osasun krisi orokor batean Osalanek ikuskaritzak etetea? Herritarrak horrelako egoeran hain justu ikuskaritzak biderkatzea da ulertuko lukeen erabakia, enpresentzat erabat egoera berria baita eta praktikan jartzen diren neurrien baitan baitago osasun publiko osoa.
Galdegai dago ea enpresek beraiek neurri honen berri izan ote duten, eta baimenik gabeko kutsatzeak egiteko baliatu ote duten.