argia.eus
INPRIMATU
Ikusi nahi ez dutenak

Iraitz Amor Pla 2024ko irailaren 30

Azken egunotako berria izan da Alex Sarduik eskainitako adierazpen “eskas” eta, egiari zor, erratu batzuen inguruan sortutako erreakzio eta kontraerreakzio sorta. Bakoitzaren sinesmen eta interesen eremuan sartzea harea mugikorretan erortzea bezalakoa da: ez da erraza onik irtetea. Mundu guztiak dauka bere arrazoia eta inork ere ez dauka arrazoi osoa, funtsean zein forman.

Funtsari begiratuta, argi dago Sardui erratu egin zela musikan emakumeen aurkako diskriminaziorik ez dagoela esatean, egon badagoelako, ikusi duen ala ez berak soilik jakin dezakeen arren.

Formari dagokionez, berriz, uste dut kontuan hartzekoa dela adierazpen horiek elkarrizketa baten testuinguruan kokatzen direla. Enpatia minimo bat daukanak ulertu beharko luke horrelakoak modu espontaneoan, prestatu gabe ematen diren erantzunak izaten direla. Sarduiren kasuan horrela dirudi; baina hobe, entzun jatorrizko elkarrizketa (elDiario.es-ek argitaratutako audioa, euskaraz), nik behintzat desberdintasun batzuk nabaritu baititut horren eta gaztelaniaz argitaratu zen idatzizko artikuluaren artean. Edozein kasutan, bere hitzetatik ezin ondoriozta daiteke emakumeen kontrako erasorik egitea zenik bere intentzioa.

Eta intentzioa funtsezkoa da.

Egoera honen aurrean zerbait esatea erabaki dutenek ere beraien mezuen funtsari zein formari erreparatu beharko liokete. Askok irainez erreakzionatu du, Sarduiren adierazpenak zein pertsona bera gaitzetsita, edo artikulua idatzi zuen kazetariaren aurka eginez. Horien guztien artean hainbat maila eta arrazoibidetako mezuak aurki daitezke, baina irainaren eta zapalketaren eremuan sartzen direnek, zilegitasuna galdua daukate zeinahi direla ere darabiltzaten argumentuak. Eta Sarduirenaren kasuan ez bezala, erantzun horiek pentsatutakoak eta prestatutakoak dira (edo aukera, behintzat, izan dute).

Uste dut kontuan hartzekoa dela Sarduiren adierazpenak elkarrizketa baten testuinguruan kokatzen direla. Enpatia minimo bat daukanak ulertu beharko luke horrelakoak prestatu gabe ematen diren erantzunak izaten direla

Erantzun horien artetik nabarmentzekoa da EHko musikagintzako emakumeek sare sozialetan zabaldutako komunikatua. Funtsean (musikaren munduan diskriminazioa bai badagoela) arrazoia izan arren, Sarduiren hitzen eta izatearen interpretazio bat egiten dute bertan. Interpretazio bateratu bat, hori posible balitz bezala. Deigarria iruditu zait 150 pertsonak baino gehiago ados egotea “ez dela jarri ere egin gure ahotsa aditzen” edota “ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu” baieztapenekin, gauza jakina denean beraietako batzuek Sarduirekin kolaboratu izan dutela eta beharbada laguntzat ere izan dezaketela. Jakitea gustatuko litzaidake ea pertsona horiek harekin harremanetan jarri ziren komunikatu bateratua sinatu baino lehen, segur aski sentitu zuten konfiantzarekiko zalantza argitu ahal izateko, eta ea, beraiek bai, Sarduiren ahotsa aditzen jarri ziren edo beraiei ere ez bazitzaien hori interesatu.

Erreakzio bateratu horrekin batera ez dira gutxi izan lintxamendu mediatikoaren gurdira igo direnak, eta harro aitortu dute Sarduiren kontrako erreakzioekin gozatu dutela eta lotsarik gabe esan dute lotsa eta beldurra bandoz aldatzen ari direla. Uler nezake pertsona horiek, beraiek pairatutako biolentziaren batetan oinarritzen den amorru bat eraman dezaketela barruan, baina amorru hori benetan merezi ez duen turko-buru batengana desplazatzea ez da zilegi. Pertsona horiek ere ongi jakin beharko lukete anonimotasunak zein talde-antolakuntzak bestearen aurrean kokatzen dituen posizioa pribilegiozkoa dela, eta beraz, botere hori justua eta neurrikoa den modu batean erabiltzeko erantzukizuna daukatela, zeren, horrela erreakzionatuz, beraiek ari dira erasotzaileak izaten.

Ez dut Alex Sardui ezagutzen, ez naiz Gatiburen zalea, baina ez ditut gogoko jarrera oldarkorrak eta biolentoak inorengandik, ez hitzez, ez ekintzaz, ez omisioz. Uste dut mundu guztiak daukala erratzeko eskubidea eta errespetuzkoa eta bidezkoa den tratu bat jasotzekoa. Uste dut ez dugula ezer irabazten erreakzio biszeralekin, gurpil zoro batetan elkarrekin haserretzera baino ez garamatzatenak. Indarkeria indarkeria gehiagorekin zapaltzen saiatzeak zentzurik ez badauka, are gutxiago intentzio txarrik aurresuposatu ezin dakiokeen sinesmen (eta pertsona) bat.

Gizarte feminista eta aurrerakoi bat izan nahi duenari ez zaio interesatzen barne gatazka antzu berriak sortzea; uste dut prestutasuna adierazten duten pertsonekin, haien hitz eta ekintzen ondorioz sentitutako kaltea eta indignazioa jakinaraztea ondo dagoela, baina gauzak modu lagunkoian konpontzen saiatzea behar dugula ere.

Zurrunkeriak ez gaitu gerturatuko. Horretan ere, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago.

Iraitz Amor Pla