argia.eus
INPRIMATU
Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokia saritu du EHGAM-ek
  • EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak 20 urtetik gora daramatza Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina banatzen, sexu askapenaren aldeko lana saritzeko lehena, eta sexu askapenaren aurkakotasunak seinalatzeko bigarrena. Ekainaren 24an banatu dituzte aurtengo sariak, eta Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Ikusgune behatokiaren lana saritu dute Urrezko Hirukiarekin. Trapuzko Espartina ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzeko aurkako jarrerei eskaini diete.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko ekainaren 27a
Argazkia: EHGAM

Urtero egin ohi duen legez, ostiralean Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina banatu zituen EHGAMek Bilboko Bira Kulturgunean. "EHGAMen ibilbide indarberrituan" ere orain bi hamarkada baino gehiago abiatutako ohiturari eustea erabaki dute. "Hamaika arrazoi daude Euskal Herri mailan sexu askapenaren alde lan egiten duten pertsona, proiektu, ekimen edota kolektiboak saritzeko. Izan ere, asko gara, pertsona oro aske bizitzeko egunerokotasunean lanean jarraitzen dugunok (...) Baina, tamalez, sexu askapenaren aldeko lan hau zapuztea nahi duenik ere bada. Oraindik, LGBTI+ pertsonok gure eskubideak osotasunean bizitzeko oztopoak jartzen dituzten jarrera, diskurtso, politika publiko edota taldeak daude", adierazi dute.

Hala, beste behin saritu dute sexu askapenaren aldeko lana, eta seinalatu beronen aurkakoa. Ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurkako jarrerari eskaini zioten Trapuzko Espartina, ulerturik ukatu egiten duela sexualitatearen aniztasuna, genero rol eta estereotipoak ikuspegi

esentzialistatik birsortu eta indartze dituela, ikastetxeak zenbait pertsonarentzat espazio arrotz eta ez-seguruak izatea bultzatzen duela, eta funtsean errealitatea bera ukatzen duela.

"Zaila da jarrera bati sari bat jaurtitzea, baina tamalez, jarrera horiek hartzen dituzten hamaika izen-abizen eta talde daude. Nazioartean, Hungariako Orbán bezalako faxistak, Errusiar estatuaren LGBTfobia, pin parentala aldarrikatzen duen Espainiako VOX alderdi anti-feminista eta LGBTfoboa, Ayuso bezalako neoliberal ultraeskuindarra, Castellongo epaile homofoboa edota Abokatu Kristauen Elkartea. Baina gurean ere badaude horrelako jarrerak bultzatzen dituztenak, adibidez, Euskal Herriko Feminista Erradikalak auto-izendatutako taldea, zeinak eskoletara idatzi bat bidali duen, non sexu aniztasuna lantzen duten eragile ezberdinak kriminalizatzen dituzten. Horientzat guztientzat, beraz, trapuzko espartina". Hori esanda, eta Urrezko hirukiaren banaketari bide eman aurretik, dei egin zuten E28 Bizkaiko Koordinadorak ekainaren 28an deitutako manifestazioarekin bat egitera; koordinadorak eskatu bezala, publikoki adierazi zuten beren irakurketarekin atxikimendua, zeinak jendartean posizionamendua bultzatu nahi duen transexualitatearekiko baztertzaileak diren feminismoaren baitako korronteekin.

Ostean ezagutarazi zuten Urrezko Hirukiaren mereziduna: Ikusgune, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokia. EHGAM-ek azaldu bezala, behatokia 2019an sortu bazen ere, haren hastapenak 2017an kokatu daitezke, orduan hasi baitziren Lumagorri ZisHeterosexismoaren Aurkako Taldeko kideak, "Gasteizko hainbat kolektiboren kezkatik", LGTBI+fobiaren aurkako behatokia bilakatuko zena eraikitzen. "Autogestiotik eta mugimendutik beratik sortutako proiektua da Ikusgune eta, gaur egun, LGBT+fobiaren aurkako Euskal Herriko ekimen erreferenteetariko bat da. Sari honekin, ikuspegi lokaletik eta herri mugimenduetatik datorren Ikusgune bezalako proiektuaren lana eta eredua goraipatzeaz gain, proiektuaren sorreran eta egungo proiektuaren egitekoan jo eta su ari diren pertsonak ere saritu nahi ditugu", azaldu zuten. Ikusguneko Sejo Carrascosak jaso zuen saria taldearen izenean.