Kontzertu ederra eskaini zuten Euskadiko Orkestrakoek abonu-denboraldiaren bigarren saioan. Esan genezake irudia, inpresionismoa eta deabruzko erritmoa –nahasketa ikusgarria– izan zirela protagonistak.
Peter Eötvös konpositore errumaniarraren The gliding of the eagle in the skies (Arranoaren planeatzea zeruetan) izeneko obra laburrak (5 minutukoa) ederki irudikatzen ditu –lengoaia musikal kontenporaneoaren bidez– holako hegazti bat ikusten dugunean sentitzen ditugun sentsazioak. Euskadiko Orkestrak lanaren irakurketa txukuna egin zuen, tinbre-joko egokiak erakutsiz, ongi.
Baina benetako ikusgarritasuna ondoren izan genuen. Gershwin-en Piano eta orkestrarako kontzertua-k fa tonuan den-dena dauka zirraragarria izateko: jazzaren arima, Broadwayko melodien tankera hasieratik bukaeraraino, zailtasun teknikoak bakarlariarentzat… Obra ederra da, oso, eta Michel Camilo jazzean espezializatutako piano joleak taxuz eta indarrez interpretatu zuen. Aitzakia bat bilatzearren, esan behar dut ez zuela oso bertsio sutila edo esanguratsua egin, ez, baina bere jotzeko erak azaltzen dituen erritmo-sena eta barruko indarra koalitate nahikoak izan ziren zinezko “crack” bertsioa egiteko. Orkestra ondo aritu zen, baina bakarlariaren eta taldearen koordinazio arazoren bat (eta gehiago) sumatu genituen. Txalokada beroei erantzuteko, propina polita bota zuen Camilok: Gershwinen “I got rhythm” kanta famatuaren jazz bariazio batzuk, jenialak.
Eta amaitzeko, berriro irudiak. Hainbat aldiz programatzen den Mussorgskyren Erakustaldi baten koadroak, Ravelek orkestratutakoa, noski, oso matizatua eta adierazkorra atera zen, Orozco-Estradaren batutapean. Bukaerako “Kiev-eko ate handia”, adibidez, behar den handitasunez eta soinu-aberastasunez interpretatu zuen, handientsua. Orokorrean, koadro bakoitzak izan zuen bere ñabardura, eta bertsio polita egin zuten.
Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Andrés Orozco-Estrada. Bakarlaria: Michel Camilo (pianoa). Egitaraua: Eötvös, Gershwin eta Mussorgskyren obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Urriaren 16a.