Soriako (Espainia) Tierras Altas eskualdean eginiko indusketetan topatutako I. eta II. mendeetako hilarrietan antzinako euskarazko zenbait izen daude. Hilarrietako batzuk ikusgai daude Bergarako Laboratorium museoan, urtarrilaren 24a arte. Gainera, Eduardo Alfaro ikertzaile eta komisarioak hitzaldia emango du urtarrilaren 22an.
1970eko hamarkadatik aurrera, aurreko hamarkadetan emigratu zuten biztanleak Soria (Espainia) ingurura itzultzean eta eskualdea birpopulatu ahala egindako eraikuntza eta berritze lanetan Erromatar garaiko hilarri ugari topatzen hasi ziren. Orotara 40 hilarri inguru aurkitu izan dituzte Soriako Tierras Altas eskualdean egindako indusketetan, gehienak I. eta II. mendeetakoak, baina baita lehenagokoak ere.
Soriako Tierras Altas eskualdea Soria probintziako ipar-ekialdean dago, Ebro ibarraren arroan. Burdin Aroan kultura zeltiberiarra zen nagusi bertan, eta erromanizazioa iristerakoan bertako tradizioak eta erromatarrak nahastu zituzten, esaterako, hilarrietako epigrafiak egiten zituzten tailerretan.
Indusketetan topatutako hilarrietako epigrafia gehienak latinez egindakoak dira, baina hildakoen izenen artean antzinako euskarazkoak izan daitezkeenak ere badaude. Orain dela gutxi arte izen iberiarrak zirela uste zen, baina azken hamarkadan egungo euskararen aurrekaria litzatekeen euskal-akitaniera hizkuntza-eremuaren baitan interpretatu dira. Izan ere, hipotesietako bat da artzainek abereak inguru haietako belazeetara eramaten zituztela bazkatzera eta horrela nahasi zirela populazioak.
Euskararen historiari dagokionez, Soriako Tierras Altas eskualdeko hilarrietako epigrafiak esanguratsuak dira, orain arte Pirinioen hegoaldean topatutako euskal-akitaniar antroponomiaren multzorik handiena osatzen baitute.
Tierras Altaseko ondare arkeologikoa ikertzen duen Idoubeda Oros proiektuaren arduraduna da Eduardo Alfaro Peña, eta bere doktorego tesirako ikertu ditu, bi hamarkadetan zehar, hilarriok. Ikerketaren ondorioak argitara emateko liburu bat argitaratuko du laster, baina bitartean hilarriekin eta ateratako ondorio batzuekin erakusketa bat osatu du.
2019an Santa Cruz de Yanguasen egin zuten hilarri guztien erakusketa, eta orain Bergaran bisita daiteke erakusketaren zati bat. Bergarako Laboratorium museoan sei hilarri daude ikusgai, horien artean antzinako euskarazko epigrafiak dituztenak, joan den urriaren amaieratik. Horrez gain, Eduardo Alfarok berak gaiari buruzko zenbait hitzaldi eman ditu. Mugikortasun mugak gorabehera orain arte antolatutako hitzaldietako 15 pertsonako taldeak berehala bete dira.
Abenduan amaitu behar zen erakusketa hilabetez luzatu dute eta urtarrilaren 24a arte bisitatu ahal izango da. Gainera, Eduardo Alfarok beste hitzaldi bat emango du, urtarrilaren 22an, 17:30etan, Bergarako Seminarixoan. Oraingoan 125 pertsona inguruko edukiera egongo da eta entzule gisa joateko izena eman behar da aurrez, Laborategi museoaren webgunean.