argia.eus
INPRIMATU
Nerea Elustondo, Donibane Garaziko final-aurrekoaz
“Ikusarazi nahi nuke ‘normal’etik kanpo errealitate asko daudela, denak besteak bezain zilegi”
  • Anitzentzat hotza izan den Donibane Garaziko final erdietan bere arrastoa uzten jakin zuen Nerea Elustondok, saioari bestelako diskurtso, ideia eta fokoa proposatuz.

Elixabet Etxandi Goienetxe 2022ko urriaren 31
Nerea Elustondo, Donibane Garaziko saioaren ostean. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Saio berezia iragan zen ibiakoitzean Garazin. Gustura sentitu zinen oholtza gainean?

Sargori xamar egiten zuen, egia esan, oholtza gainean. Taularen disposizioa ere ez dakit egokiena ote zen, aurrekaldean pareta geneukalako. Baina nolanahi ere, nahiko eroso sentitu nintzen oholtza gainean.

Aspaldi txapelketan ibiltzen zarela. Aurtengoari zer berezitasun ikusi diozu?

21 urte pasa dira nire lehen txapelketatik. Ordutik aldatu dira gaiak, bertsolari gehienak, zein diskurtsoak. Buruz ari naiz, baina orduan uste dut sei emakume ginela lehenengo fasean, eta final erdietan hiru. Gaur egun beste kopuru batzutan gabiltza. Azken finean, bai lehen eta bai orain, mikrofono baten aurrean jarri eta bertsotan egin beharra dago.

“Normal izatea baino hobe zoriontsu izatea”. Mezu indartsu hau eta beste anitz kantatu dituzu Garazin. Zer trasmititu nahi diozu publikoari?

Gaur egun "normaltasuna" deitzen diogun hori azkenean sistema kapitalistaren interesen arabera eraikitako hitzarmen sozial multzo bat besterik ez da. Beraz, eraikia den aldetik, esan nahi du aldatu daitekeela. Jendeari ikusarazi nahi niokena da "normal" deitzen diogun horretatik kanpo ere errealitate asko daudela gure herrian bertan eta horiek denak besteak bezain zilegi direla.

“Hitz batean jendarteak onartzen ez duen dana” zarela kantatu zenuen ibiakoitzean. Garrantzitsua iruditzen zaizu gizarteak onartzen ez dituen horiei kantatzea bertsolari gisa?

Uste dut bertsolaritza bozgoragailu bat dela, bereziki txapelketan. Larunbatean bertan 1.300 pertsonatik gora ginen, kontuan hartu gabe sareetan edo telebistan izango zirenak. Arreta gehiago edo gutxiagorekin, belarri pare asko ariko ziren esaten genuena entzuten. Iruditzen zait bertsolariak behar duela konpromiso sozial eta begirada basati hori, zentroko ohiko begiradarekin ikusten ez den ertzekoa ikusteko. Ikusteaz harago gainera, gaia bera erdigunean jartzeko. Uste dut ikusten eta sentitzen ez dugun hori askotan iruditzen zaigula ez dela existitzen eta oso zaila egiten zaigula existitzen ez dela uste dugun hori onartzea.

"GANBARAKO GALDERA"

Zure aurtengo txapelketari begira, zein Garaziko saioari begira, txapelketa biharamunean zein zaporerekin gelditzen zara?

Garazikoarekin bereziki zapore gazi-gozoa daukat. Zortziko handiarekin gustura gelditu nintzen, zortziko txikian ere. Puntukakoan pixka bat sufritu genuen. Sei puntukoan eta ganbarakoan egindako lanekin ere orohar ongi, bi poto egin izanaren arantza kenduz gero. Ez dakit zenbateraino den politikoki polita esatea baina badaukat sentipena txapelketan ez ote diren hanka sartzeak gehiago zigortzen lorpenak saritzen direna baino.