argia.eus
INPRIMATU
“Ikus-entzunezkoen legeak jasotzen dituen urratsak ez dira nahikoak”
  • Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartutako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiektuaren gainean, jasotzen diren urratsak ez direla "inondik inora nahikoak" salatu dute hizkuntzen eta haien berdintasunaren alde lan egiten duten Espainiako Estatuko hainbat erakundek, Euskalgintzaren Kontseiluak tartean.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 02a

Adierazpen bateratuan (PDF) diotenez, "ez dira inondik inora nahikoak testu honetan jasotzen diren gure hizkuntzen aldeko urratsak, aurretik argitaratutako aurreproiektuei dagokienez. Beraz, nabarmen hobetu beharko da legea Espainiako Kongresuan izapidetzen den bitartean. Izan ere, legedi justuago eta demokratiko batek Espainiako Estatuaren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna aitortu, defendatu eta sustatu behar du. Eta gure hizkuntzei orain arte ukatu zaizkien espazioak berreraikitzen eta berreskuratzen lagundu behar du".

Aniztasun hori gutxienez bi eremutan zehaztu beharko litzatekeela diote: "Lehenik, Estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdinduko dira bikoizketan, azpitituluetan eta audiodeskribapenetan. Bigarrenik, Estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak berdinduko dira, plataforma digitaletarako zein telebista-kanaletarako".

Ikus-entzunezko plataformetan baztertuak

"Ikus-entzunezkoena da gaztelania ez diren hizkuntzek bazterketa nabarmenena duten sektoreetako bat", salatu dute eragileok. "Netflix, HBO Max, Prime Video, Rakuten TV, Apple TV+, Movistar+ edo Disney + bezalako ikus-entzunezko plataformen katalogoetako milaka izenburuetatik oso ehuneko anekdotikoa dago, kasurik onenean, hizkuntza horietan, eta gehienetan ekoizpen propioak izaten dira. Gaztelaniaz, berriz, eskaintza osoa dago bikoiztuta edo azpitituluak jarrita. Halaber, eskaintza osoan zehar dozenaka hizkuntza ditugu eskuragarri, eta ikusi da horrek ez duela inolako arazorik sortzen".