argia.eus
INPRIMATU
Ikus-entzunezkoen Espainiako legeak euskararen presentzia duina bermatzeko jaso behar lituzkeen puntuak zehaztu dituzte eragileek
  • Ikus-entzunezkoen Espainiako legea onartzeko prozedura azken txanpan dela, une erabakigarria dela eta “gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko” legeak hainbat puntu jaso beharko lituzkeela gogoratu dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Hekimenek, Pantailak Euskarazek eta Tokikomek.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 17a
Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

Legeak euskararen etorkizunean eta berreskurapen prozesuan eragin handia duela azpimarratu dute eragileek, baina 2020an Espainiako Gobernuak aurkezturiko legearen aurreproiektuan euskararen presentzia “oso marjinala” zela. Ekarpenak egin zizkioten zirriborroari, eta “ez ziren kontuan hartu, bat bera ere ez”, nabarmendu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Hori ikusita, ekarpenak zuzenketa bihurtu eta euskal alderdiei bidali zizkieten.

“Alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik, noski”. Ostegun honetan, Espainiako Kongresuko Ponentziaren Batzordean zuzenketa horiek guztiak aztertuko dituzte, eta “orain hartuko dira behin betiko erabakiak, etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak”. Aurreikusten da maiatzaren 26an bozkatuko dela osoko bilkuran.

Legeak jaso beharrekoa

Euskararen gutxieneko presentzia bermatzeko, legeak jaso beharreko puntuak zerrendatu dituzte eragileek:

- Aldez aurreko finantzazioari dagokionez, hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, % 8 esleitzea. Bestalde, katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei % 40 esleituko zaie, baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak gutxienez % 12 izango duela.

- Diru publikoz egindako lanetan euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, horretarako erakunde publikoek behar den erraztasunak ematea.

- Telebista publikoetan ere gutxieneko kuotak ezartzea: informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea, Clan TVko edukiak bikoiztea…

- Plataformetako menuak euskaraz ere jartzea.

- Kokapen geolokalizazio bitartez euskarazko edukiak nabarmentzea.

- Autonomia-erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.