Ikusi eta entzun. Multimedia produkzioaren gako komunikatibo eta teknologikoak izenburupean egingo da Euskarabildua jardunaldia, urriaren 11n, Koldo Mitxelena kulturguneko Areto Nagusian. Ikus-entzunezkoak izango ditu ardatz Iametza eta ARGIAk antolatutako ekimenak.
Bi arlo nagusi jorratuko dira: teknologia eta komunikazioa. Hau da, “ikerketak une honetan zertan diren eta nola baliatu bideoak komunikazio helburu jakinak betetzeko”. Horretarako, bost ponente bilduko ditu aurtengo edizioak:
Pablo Iglesias La Tuerka saioaren aurkezlea, multimedia teknologia jorratzen duen Vicomtech - IK4 enpresa, Euskal Herriko hiru hizkuntza ofizialak barneratzen dituen lehen Hizketa Ezagutza Automatikorako sistema garatu duen Nora Barroso ingeniaria, Carles Solà Plataforma per la Llengua erakundeko kidea eta Axier Lopez ARGIAko multimedia arduraduna.
Berrikuntza gisa, ponentziez gain, lehiaketa bidez hautatutako hiru bideo labur proiektatuko dira jardunaldietan. Ikus-entzunezkoetan oinarritutako egitasmo edo proiektu batean murgildutako erakundeek parte hartu ahal izango dute lehiaketan.