argia.eus
INPRIMATU
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura
  • EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde produkzioak ekoiztetxearen izenean.

     

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 31
Berde produkzioak-eko ordezkariak, Leire Ikaran, Kerman Diaz eta Iera Uriona. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Honengatik saritu du ARGIAk EITB Kultura:

"Hainbeste sortzaile dabil Euskal Herrian orri zuriak letraz janzten, hormak margotzen, aretoak musikaz, gaztetxeak dantzaz eta frontoiak bertsoz betetzen, edota kamera bidez istorioak sortzen. Kultur sorkuntza bizirik dago, eta horrek badu erakusleihorik telebista publikoan. Mimoz eta gustuz egindako erakusleihoa, 2006tik.

Artisten lanen berri ematen diguten artistak. Irudi eta estetika zainduarekin, eta sortzaileen kontakizunean sartzen zaituzten muntaia biziekin, astero sorkuntza berri bat.

Tamalez, altxorra topatu nahi duenak ETBren apalik ezkutuenean begiratu behar du, primetime-an ez duelako lekurik.

Baina hau da guk ikusi nahi dugun telebista; hau da jaso nahi dugun kultura, eta noski, hau da entzun nahi dugun hizkuntza.

Magazin honek kulturaren nobedade, joera eta barrunbeak disfrutatzera gonbidatzen gaitu, eta egia esan, plazer bat da telebista piztu, eta eurekin topatzea".

“Orain arte bezala segituko dugu ahotsa ematen norbanako zein kolektibo sortzaile guztiei, freskotasunez”. Ikus-entzunezko Argia Saria jaso berritan, EITB Kultura saioa ekoizten duen Berde Produkzioakeko Leire Ikaran eta Kerman Diaz pozik agertu dira eta lanean jarraitzeko gogoz.