argia.eus
INPRIMATU
Ikus-entzunezko legean adosturiko hizkuntza gutxituen kuotek ez diete plataforma handiei eragingo
  • Ikus-entzunezko plataformetako katalogoaren gutxienez %6 euskaraz, katalanez edota galizieraz egotea adostu zuen ERC alderdiak Espainiako Gobernuarekin, estatuko aurrekontuak onartzeko negoziaketetan. Orain Gobernuak argitu du egoitza Espainian duten plataformei baino ez diela eragingo eskakizunak eta beraz besteak beste Netflix, HBOMax eta Amazon Primek ez dute kuota bete beharko.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 30
Argazkia: Pixabay

Filmin eta Movistar+-ek, adibidez, gutxienez %6a eskaini beharko dute euskaraz, katalanez edota galizieraz, egoitza Espainiako Estatuan duten heinean, baina beste hainbat plataforma handi geratu dira eskakizunetik kanpo, Espainiako Gobernuko iturriak aipatuz ACN agentziak zabaldu duenez. Gobernuak ez zuen letra txikia azaldu, ERCrekin akordioa lortu zuenean, baina behin aurrekontuetarako alderdi katalanaren aldeko botoa lotu duenean jakin dira zehaztapen hauek.

ERCko parlamentari Gabriel Rufiánek esan du helegiteak aurkeztuko dituztela ikus-entzunezko legearen tramitazioan eta legea hobetzeko dauden erremintak erabiliko dituztela. CUPek berriz, salatu du nola den posible estatuek balio ez izatea korporazio handiek legea bete dezaten.

Azken berri honen aurretik ere, %6a gutxiegi dela esana du AADPC Kataluniako aktore eta zuzendarien plataformak, hizkuntza horiek hitz egiten diren lurraldeetako herritarren proportzioa handiagoa dela aintzat hartuta.

ERCrekin adosturikoaren aurretik, Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste hainbat eragilek eskatua zuten gutxieneko kuota bat, Espainiako Estatuko hizkuntza menostuentzat.