argia.eus
INPRIMATU
Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseilua sortzea proposatu du EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan
  • Lege proposamena aurkeztu du EH Bilduk, “independentea” litzatekeen erakundea legez sortzeko. Informazioaren arloan “aniztasuna, neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia” sustatuko luke, eta euskararen erabilera bultzatu, besteak beste.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 24a
Irudia: @ehbildu_legebil

EH Bilduko ekimena Jasone Agirre legebiltzarkideak azaldu du astelehen eguerdian. Bere hitzetan, Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseiluaren helburua “euskal esparruko ikus-entzunezko edukiak arautzea izango da, bai eta zigor arauak ezartzea ere, komunikabide publiko zein pribatuetan eta gainontzeko ikus-entzunezkoetan, eta era berean erakunde aholkularia eta proposatzailea ere izango da”. Telebistan, irratian zein Interneten eragingo luke. Erakundeak bermatu beharko lituzke “komunikazioaren askatasuna, informazioaren aniztasuna, neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia eta inpartzialtasuna”, eta sustatuko lituzke euskararen “ezagutza eta erabilera”, akordioak Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin, edo “berdintasunezko parte hartzea” gizon eta emakumeen aldetik.

Beharra eta anomalia

“Gaur egungo euskal komunikazio esparruan ikus-entzunezkoek ez dituzte inondik inora asetzen geure beharrak herri bezala, eta kanpoko parametroetara, kanpoko hizkuntza, kultura, identitateetara ari gara egokitzen”, adierazi du Agirrek Kontseiluaren beharra argudiatzeko. Azaldu du “anomalia” bat dela EAEn kontseilua ez egotea, Europako hainbat estatuk edo Andaluziak eta Kataluniak jada badutela azpimarratuz. Gaur aurkeztutako lege proposamena ekainaren amaieran edo irailean legebiltzarrean bozkatzea espero du EH Bilduk.