Eurovision jaialdian banderak erakusteko bete beharreko baldintzak iragarri dituzte Official flag policy txostenean; Julien Pernici kazetariak Twitter bidez eman du berria aditzera. Erakutsi ezin daitezkeen banderen zerrenda iragarri dute, tartean da ikurrina, Estatu Islamikoaren banderaren pare. Maiatzaren 14an egingo dute Eurovision jaialdia, Stockholmen (Suedia).
Txostenaren arabera, jaialdian esku hartuko duten –edo hartu izan dute– herrialdeetako banderez gain, “izaera politikorik” gabeko Europar Batasuneko eta Nazio Batuen Erakundeko herrialdeetako bandera ofizialak ere onartuko ditu antolakuntzak.
Besteak beste, mezu komertzialak, irudi “erasokorrak” edota ingelera ez den beste hizkuntza bateko mezuak dituzten banderak, erregioetakoak direnak eta “izaera politikoa eta erlijiosoa” dutenak debekatu ditu antolakuntzak.
Debekaturiko banderen zerrenda iragarri dute; bertan ageri da ikurrina, Estatu Islamimoaren banderarekin batera. Horiez gain, Palestinako, Krimeako, Kosovoko, Donetsko eta Transnistriako banderak ere ageri dira, besteak beste.
Jaurlaritzarentzat, “onartezina”
Ikurrina debekaturiko banderen zerrendatik kentzeko eskatuko die Eusko Jaurlaritzak Suediak Espainian duen enbaxadoreari eta RTVE kate publikoari, Iñigo Urkullu lehendakariak Twitter bidez azaldu duenez. Adierazi du “onartezina” dela ikurrina DAESHen banderaren parean jartzea. Bere aldetik, ikurrinaren “kriminalizazioa” salatu du EH Bilduk, eta iragarri du Suediak Madrilen duen enbaxadorearekin batzartzea eskatuko duela.
Urkulluk RNE irratiari emandako elkarrizketan adierazi duenez, Eurovisionek ikurrina erakusteko debekua altxatuko ez balu, "ez legoke gaizki Espainia txapelketarik erretiratzea", azken finean "bere Estatuaren zati batez ari da eta".
Hala iragarri du Julien Pernici kazetariak:
Le drapeau du Pays Basque interdit d'entrée à l'Eurovision au même titre que le drapeau de l'état Islamique ! pic.twitter.com/B1FXyXlmh7
— Julien Pernici (@JulienPernici) April 28, 2016
Iñigo Urkullu lehendakariak, Twitter bidez:
.@Gob_eus va a pedir a @EmbajadorSuecia y a @rtve la retirada de la #Ikurriña de la lista de banderas vetadas por @Eurovision.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) April 29, 2016
Su inclusión, junto a la bandera del DAESH, aunque solo sea a modo de ejemplo, no es de recibo.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) April 29, 2016