Science aldizkariak urtarrilaren 12an plazaraturiko ikerketak argi uzten du: ExxonMobil petrolio enpresa erraldoiak 1980ko hamarkadan jadanik zehazki bazekien bere aktibitateak klima larrialdia ondorioztatuko zuela
Ez da gauza berria, baina froga bat gehiago dugu esku artean baieztatzeko eskandalua: erregaien sektoreko boteretsuek 1970eko hamarkadaz geroztik dakite klima aldaketa ondorioztatzen dabiltzala. Iazko irailean Nicolas Goñik ARGIAn idatzitako "Klima larrialdiaren erdian, negozio eredua aldatu baino, Total-ek nahiago izaten du zalantza hauspotu eta zabaldu" erreportajean ondokoa irakurri daiteke: "Energian eta berotegi efektuko gasen isurketan ardura handiak dituzten enpresa askok aspaldidanik [1970eko hamarkadaz geroztik] garatu zituzten komunikazio estrategiak, beren eraginei buruzko zalantzak sortzeko eta beren arduren hautematea lausotzeko".
Hamarkada guztiz 0,2 graduko beroketa aurreikusten zuten garaiko dokumentuetan eta hori ari da gertatzen.
Science aldizkariak urtarrilaren 12 honetan plazaraturikoa froga bat gehiago da. ExxonMobil petrolio enpresako ikerlarien lanak eta datuak aztertu dituzte kazetariek, hainbat garaitan zientzialariek zabaldutako datu ofizialekin alderatuz. ExxonMobilen datuen "zehaztasun harrigarria" azpimarratu dute kazetariek. 1972 eta 2002 urte artean, multinazionalaren 32 barne-dokumentu aztertu dituzte, baita 1982 eta 2014 urteen artean beste egitura batzuekin plazaraturiko 72 publikazio zientifiko ere. Batez beste, hamarkada guztiz 0,2 graduko beroketa aurreikusten zuten garaiko dokumentuetan eta hori ari da gertatzen. "Zientzialari independenteek eta gobernu-zientzialariek bezainbeste bazekiten, eta seguru asko, neurriak hartzeko eta jendeari ohartarazteko adina", dio ikerketak. Hala ere, taldeko arduradunek begiek itxi eta bestelako mezu bat zabaltzen aritu ziren, zetorrena gordez. Demagun, ondokoa zioen ExxonMobileko zuzendari Lee Raymondek 2000 urtean: "Ez dugu klima-aldaketaren ulermen zientifiko nahikoa arrazoizko iragarpenen egiteko".
Union of Concerned Scientists egiturak jada 2015ean frogatu zuen ExxonMobilen jukutria. Berdin dio, logika berarekin segitzen du, munduan barna karbono-bonbak bideratuz. Iazko abendu bukaeran eman genuen erregaien sektoreko boteretsuen artean orokorturiko joera horren berri ondoko erreportajean: Aitzina doaz 425 ‘karbono-bonba’, klimaren bost inflexio-puntu bueltarik gabeko aldaketan sartuak direla kontuan hartu gabe.