Ikerkuntzan ari diren gazte euskaldunak biltzen ditu IkerGazte proiektuak. Hirugarren edizioan murgildurik daude eta aurtengo kongresua Baionan izango da, maiatzaren 27, 28 eta 29an. Orotara 111 artikulu zientifiko aurkeztu dira, eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusi dute.
Hainbat sailetan banatuta dago UEU Udako Euskal Unibertsitatea, egitasmoaren bultzatzailea, eta sail bakoitzaren barnean aspaldidanik egiten dituzte profesionalen eta ikertzaileen jardunaldiak, baina ez zegoen sail guztiak batuko zituen saiorik. Euskaldunak izanik ere asko ez ziren euskaraz aritzen, eta arazoa hor ikusi eta hortik hasi ziren lanean. Ikertzaile euskaldunen sarea egitearen beharraz mintzatu zaigu Ainhoa Latatu IkerGazte proiektuaren koordinatzailea: “Gabezia orokorrean genuen, ez ikerkuntza alor zehatzetan bakarrik”.
ARGIA astekarian erreportajea argitaratu du Gorka Peñagarikanok IkerGazteri buruz: "Euskara beste hizkuntzen parekoa da, baita ikerkuntzan ere"