argia.eus
INPRIMATU
IKEAren adar israeldarrak emakumeak kendu ditu bere katalogotik
  • IKEA multinazionalaren Israelgo frankiziak judutar ultraortodoxoei zuzendutako kanpaina abian jarri du eta argazkietatik emakumezkoak kendu ditu.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 17a
Katalogoaren irudiak

Katalogoaren irudietan familiak agertzen dira, baina berezitasun bat dute: aita-semeak baino ez dira agertzen, emakumerik ez dago. Israelgo auzo ultrakonserbadoreetan banatu dituzte, hango familiak “argazkietan agertzen direnen antzekoak direlako”.

Kanpainak gizartearen sektore batzuen haserrea eragin du, eta baita burlak eta mezu ironikoak ere. Protesten ondorioz, IKEAk ziurtatu du bere bazkide israeldarrei katalogoa banatzeari uzteko agindu diela. Multinazionalaren adar hebrearra publikazioaren zilegitasuna justifikatzen saiatu da hasieran, baina ondoren komunikatu bat igorri du, barkamena eskatuz.

Ez da enpresa suediarrak mota honetako kanpaina bat kaleratzen duen lehen aldia. 2012an antzeko arazo bat egon zen Saudi Arabian, emakumeak katalogotik ezabatu zituzten, “hango gizartera egokitzeko”.