Baiona, Mugerre eta Hiriburuko udalerriak ukitzen dituen 24.000 metro koadroko lur sailean eraikiko du Ikeak saltoki berria. Dagoeneko hiru herriotako auzapezek baimena eman dute saltokia irekitzeko, FR3-Euskal Herri telebista kateak atzo zabaldu zuenez. Proiektuak Baionako merkatari txikien kezka sortu du, sektoreari egin diezaiokeen kalteagatik.
Ikearen azpiegiturek beteko dituzten 24.000 metro koadroez gain, inguruan kokatuko diren beste hainbat saltoki, jatetxe eta bestelakoek 8.600 metro koadro gehiago hartuko dituzte. Orotara, beraz, 32.600 metro koadro inguru beteko ditu azpiegitura osoak. Aurreikuspenen arabera, 2013ko bukaeran edo 2014ko hasieran zabalduko ditu ateak multinazional suediarraren saltokiak. Baiona-Biarritz-Angelu (BAB) eremuan kokatuko den arren, Bilbo eta Tolosa (Okzitania) inguruko herritarrak erakartzea du xede. Orotara zortzi milioi bisitari erakarri nahi ditu urtean.
'Low cost': Kontsumo merkea garesti ordaintzen da
Izenburu hori du Mikel Garcia kazetariak 2009an ARGIAn plazaratutako erreportajeak. Besteak beste RyanAir, Media Markt eta Ikea zituen hizpide artikuluan. Ikeaz mintzo diren pasarteak ekarri ditugu hona:
Ez du curriculum makala multinazional suediarrak. Iaz hartu zuen azken kolpea: ZDF telebista kate publiko alemaniarrak argitara eman zuen langileak espiatzeko bideo-zaintza sistema instalatu zutela euren dendetan, enpresa-batzordeari jakinarazi gabe. Horrez gain, langileei fisikoki ahalegin handiegia eskatzea, ordutegi aldaketa eta luzapen neurrigabeak exijitzea eta bigarren lanpostu bat bila ez zezaten lanaldi partzialeko kontratudunei gizarte segurantza kentzea ere leporatu zieten, besteak beste. Telebista alemaniarra izan zen baita ere Ikeako trapu zaharrak agerian utzi zituen lehena: 1994tik 1998ra bitartean, Pakistan, India, Vietnam, Errumania eta Filipinetako Ikearen enpresa hornitzaileetako lan esplotazioak hedabideen arreta bereganatu zuen. Horren haritik, jendea ez esplotatzeko gida den Iway jokabide-kodea idatzi zuen multinazionalak, nahiz eta besteak beste, onartzen duen 12 urteko haurrek lan egitea, baldin eta euren herrialdeetan legala bada.
Iway marketin hutsa zela frogatu zen, dena den, duela bi urte, Herbeheretako FNV sindikatuaren aginduz egindako eta Le Monde Diplomatique hilabetekariak argitaraturiko ikerketan. India, Bulgaria eta Vietnameko fabriken egoeraz mintzo da ikerlana: gutxienekoaren azpiko soldatak, 12 eta 15 ordu bitarteko lanaldiak asteko zazpi egunetan, haurren erabilera, mehatxuak eta sindikatuak antolatzeko trabak. Altzarietarako egurra Errusia eta Txinako basoetan kontrolik gabe lortua dela ere salatu zuen ikerketak. 400 milioi bezero baino gehiago ditu gure etxeetako errepublika independentea dekoratu nahi duen negozioak, eta Ingvar Kanprad fundatzaileak hala esan zuen bere biografian: “Salneurri baxu hauek beti daude justifikatuta, eta horrek exijentzia itzelak inposatzen dizkie gure kolaboratzaileei. Gure gastuak zorrotz mugatu ezean, inoiz ezingo dugu gure misioa bete”.