argia.eus
INPRIMATU
Ikea ikertzen ari da Europa, zergak ez ordaintzeko egitura bat zuelakoan
  • Europar Batasunak ikerketa bat abiatu du altzarien multinazionalaren inguruan. Ustez zergei ihes egiteko egitura bat osatua zuen enpresa suediarrak, Holanda, Luxenburgo eta Liechtensteinen.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko abenduaren 19a
Arg: Getty

Altzarigintzaren sektorea irauli zuen lehenik. Herritarrek euren kasa muntatu ahal izateko altzariak egiten hasi zen, diseinu finekoak. Orain berriz, zerga gutxiago ordaintzeko ere diseinu “fin” bat egin ote duen ikertzen ari da Brusela. Herbehereetan du egoitza multinazionalak, baina, ustez Luxenburgo eta Liechtensteinen sare bat eraikia zuen zergak ekiditeko.

Europarlamentuko Berdeen taldeak jarritako salaketa baten harira abiatu zuen iaz ikerketa Europak. 2006tik gaur arteko zergen kudeaketa aztertzen ari dira horrela. Zenbait kasutan legez kanpokoak ez badira ere multinazional hauek erabili ohi dituzten trikimailu fiskalak, finean, zergak barkatzeko bide bihurtu ohi dira.

Ikea frankizia da. Hau da, Barakaldoko Ikearen saltokia, esaterako, ez da izatez multinazionalarena. Denda horrek bere emaitzaren ehuneko hiru ordaintzen dio Ikeari. Hain zuzen, herbereetan duen Inter Ikea Systems enpresari. Mundu guztiko Ikearen frankizien emaitzen %3 Herbehereetan pilatzen da horrela.

Luxenburgo eta Liechtenstein

2006tik 2011ra Inter Ikea Systemek jabetza intelektualaren eskubide batzuk, I.I Holding Luxenburgoko enpresari ordaintzen zizkion. Frankizietatik bildutako diru gehiena ematen zion, hala jaso du Berria egunkariak. Hori 1929ko lege bat baliatuz egiten zuen. Europako Batzordeak ordea, lege hori indargabetzera behartu zuen Luxenburgo 2010erako. Luxenburgon Ikeak ez zuen zergarik ordaintzen.

Aukera hura agortuta, 2011n, Inter Ikeak jabetza intelektuala erosi zion Luxenburgoko Holding enpresari. Horretarako mailegu bat eskatu zion Liechtensteingo Ikearen beste sozietate bati. Mailegu horren interesak ordaindu behar zituen Ikeak eta bide hori erabili zuen frankizien aportazioak Liechtensteinera mugiarazteko.

Europako Batzordeak zabalik dauka ikerketa. Egitura hori zerga gutxiago ordaintzeko baliatu zuela frogatzen badu, 2006. urtetik gaurdainoko zergak ordaindu beharko dizkio multinazionalak Herbehereetako Gobernuari.