argia.eus
INPRIMATU
Ikea aztertzen ari dira zerga-iruzurragatik
  • Europako parlamentuko Berdeek eta Europako Aliantza Librea taldeek eskatutako ikerketa batek jaso du Ikeak “bilioi bat euroko zerga-iruzurra pilatu duela 2009 eta 2014 urte artean, eta horretarako paradisu fiskalak erabili” dituztela.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 15
Ikea aztertzen ari dira zerga-iruzurragatik.

Alderdi Berdearen ustez, multinazionalak erabili ditu “Luxenburgo, Herbehereak edota Belgika bezalako herrialdeetako hutsune fiskalak zergak ez ordaintzeko; erabiltzen duten tekniketako bat da suediar multinazionalaren irabaziak Herbehereetako filial batera bidaltzea”. Horrela, ez dute irabazien gaineko zergarik ordaintzen.

Europar Batzordeak hartu du suediar multinazionalaren zorra aipatzen duen txosten hori ikertzeko ardura. “Batzordeak kontuan hartuko ditu emaitza horiek, eta tentu handiz aztertuko ditu”, adierazi du Vanessa Mock Europar Batasuneko zerga eta finantza zerbitzuetako batzordeko bozeramaileak, The Guardianek jaso duenez.

Ikeak, ordea, bere zerga kontuen kudeaketa defendatu du. “Ikea konprometituta dago bere operazio fiskal guztiak erantzukizun osoz egiteko, eta zergak ordaintzen ditugu zerga-arau eta erregulazio nazionalak eta internazionalak kontuan hartuz”. Ikeak zabaldu egin nahi du bere negozioa Europan, eta abian jarri “nahi” ditu “adostutako zerga sistema internazional argia lortzeko elkarrizketak”.

Txostenaren egileek Batzordeari eskatu diote zerga iruzurrari aurre egiteko neurri gehiago har ditzala, oraingo neurri multzoa ez dela “nahikoa” argudiatuta.