argia.eus
INPRIMATU
Ikatzezko zentral elektriko bat okupatu dute bederatzi orduz asteburuan Alemanian
  • Alemaniako Gobernuak esan izan du ikatzaren bidez elektrizitatea sortzeari utziko diola 2038erako, baina hala ere, "Datteln 4" zentrala irekitzeko baimena eman zuen Ipar Renania-Westfaliako estatu federatuan. 100 bat ekintzailek igande goizean okupatu dute, Deutsche Welle hedabidean irakur daitekeenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko otsailaren 05
Ekintzaileek instalazioa blokatzea lortu dute bederatzi orduz. (Ende Gelaende)

Antolatzaileen arabera, Ende Gelände eta DeCOALonize Europe mugimenduetako 150 ekintzaile inguruk Datteln 4 zentral elektrikoa okupatu dute igandean, Dortmund ondoan, Alemanian. Beraien webgunean irakur daitekeenez, bederatzi orduz blokeatu dute azpiegitura, azkenean poliziak handik bota dituen arte. Desobedientzia zibileko ekintza izan dela azaldu dute, aurreko asteko asteazkenean –urtarrilaren 29an– Alemaniako ministroen kontseiluak onartutako ikatzari buruzko lege proiektuaren aurka.

Daniel Hofinger, Ende Gelände aliantzaren bozeramaileak esan gisa, "gaurko ekimena erabat arrakastatsua izan da, eta hau hasiera besterik ez da. Datteln 4 borrokatuko dugu Hambach Basoa babesteko borroka egin genuen modu berean".

Gobernuak 2038an utzi nahi dio ikatza argindar iturri gisa erabiltzeari, baina data 2035era aurrera dezaketela jakinarazi dute, 2026an eta 2029an egin beharreko balantzeen arabera. Hala ere, ikatza erabiltzeari uztean, enpresa hauei milioika euroko kalte ordainak ordaindu nahi dizkiete. Mugimendu hauek klima larrialdia salatzeaz gain, trantsizio klimatikoaren anbizio falta salatu dute, baita gai honetan Ipar Hemisferioko herrialdeek duten "jarrera koloniala" ere.

ARGIAko irakurleek Ende Gelaende mugimendua ezaguna izango dute, klima larrialdia ardatz hartuta, desobedientzia zibileko ekintza masiboak egiteagatik azpiegitura erraldoiak blokatuz.