argia.eus
INPRIMATU
Ikatza Santander banketxeari eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma adostu duten alderdiei
  • Haurrak dituzten bi familia kaleratzeko duen asmoagatik ikatza bota dute Bilboko Santander banketxeko egoitzetako batean. EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosentzat ere izan dute ikatzik Olentzerok eta Mari Domingik, adostu duten Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformak murrizketak dakartzala salatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko abenduaren 26a
Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren aurrean. Argazkia: Berri Otxoak

Batu Elkarlaguntza Sarea eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua izan dira Santander banketxean ikatza bota dutenak, Basauri eta Galdakaoko bi familia (bietan tartean haurrak daudelarik) kaleratzeko asmoa duelako datozen hilabeteetan. Santander Banketxeko zuzendariarekin bilera eskatu duten arren, banketxeak ez duela hitz egin nahi eta ardura Cerberus Capital Management funts-putrearen gain utzi duela salatu dute ekintzaileek. Funts-putreak kaleratzeak exekutatzeko asmo irmoa du.

Galdakaoko kasuaren berri eman dugu ARGIAn. Tamalez, etxe kaleratzeei lotutako albiste ugari ematea egokitu zaigu 2022an, oraindik ere asko eta asko baitira gauzatzen diren etxe kaleratzeak Euskal Herrian.

Santander banketxeko egoitzan ateratako argazkiak Ecuador Etxearenak dira:

DSBE adostu dutenei dozenaka ikatz

Bestalde, Berri Otxoak taldeko kideak ere Olentzeroz eta Mari Domingiz jantzi dira, eta dozenaka kilo ikatz bota dute Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren aurrean. EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosek adostu duten eta joan den astean onartu berri den Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma izan dute jomuga, DSBE lortzeko baldintzak gogortu dituztela eta bakarrik bizi direnen, pentsionisten eta adin txikikoak dituzten familien eskubideak murriztu dituztela ulertuta. “Pobreak pobre izatera kondenatzen ditu” erreforma honek.

DSBEren erreformak dakartzan aldaketa nagusiak eta horiei egin zaizkien kritikak kontatu genituen ARGIAn.