argia.eus
INPRIMATU
Ikatza Barakaldoko Udalarentzat, laguntza sozialerako partida izoztuta mantentzeagatik
  • Berri-Otxoak taldearen eskutik, errege magoek Barakaldora bisita aurreratu eta ikatza ekarri diote Udalari, laguntza sozialen partida geroz eta herritar gehiagok eskatu arren, aurrekontuen zirriborroan seigarren urtez jarraian kopurua ez dutela handitu salatzeko.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 05a

Lehen bisita Gizarte Ekintzako departamentuan egin dute eta gero udaletxera igo dira. Bi lekuotan hainbat kilo ikatz utzi dute. Ekintza honekin, Berri-Otxoak kolektiboak salatu nahi izan du seigarren urtez ekintza sozialerako 960.000 euroko partida mantentzen duela Udalak, nahiz eta geroz eta gehiago izan laguntza soziala behar duten familiak. Beren hitzetan, agerian geratu da diru kopuru hau ez dela nahikoa. Kopuruak ere eman dituzte: hiru urtean %40 igo dira laguntza eskatu duten familiak. 2015ean 1.744 izatetik, 2017an 2.415 izatera igaro dira.

Aurrekontuak EAJ eta PSEren botoei esker aterako dira aurrera. Herri Kolore atariak informatu duenez, Berri Otxoak taldeak salatu du bi alderdi politiko hauek beren buruari 1,5 milioi euroko partida izendatu diotela beren aholkulari, administrari, politikari liberatu eta konfiantzazko karguentzat.

Jarraian protestaren zergatiak azalduz Herri Kolorek egin duen bideoa, gaztelaniaz.