argia.eus
INPRIMATU
Ikatz meategi bat okupatu dute Alemanian, klima aldaketaren aurka
  • Klima aldaketaren aurka, Lusaziako (Alemania) meategi bat okupatu dute mundu osoko 3.500 aktibistek maiatzaren 13tik 16ra bitartean. Vattenfall energia enpresa da ikatz meategiaren jabe.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 18a

Ekintzaren bideoa hedatu dute.

Alemaniako energia enpresa garrantzitsuenen artean dago Vattenfall eta bere esku dituen ikatz meategiak saldu nahi ditu. Ekintzaileek azaldu dutenez, erosleak diru asko inbertituko du lignito harrikatzaren ustiatzean, meategiaren biziraupena bermatuz.

Ikatz meategiak ixteko exijitu dute, “klima aldaketan duten eraginagatik”. Bestelako energia eredu bat aldarrikatzen dute, “iraunkorragoa eta garbiagoa”. Klima aldaketaren aurkako nazioarteko kanpainaren baitan kokatu dute ekintza.

Meategien ustiatze jardueraren aurka egingo dutela azaldu dute ekintzaileek: “Erosleen etekinak murriztuko dituzte protestek, eta meategien prezioak jaitsi beharko dituzte saltzaileek; tratua erdiesteko zailtasunak izango dituzte. Horregatik, lignitoan inbertitzeko asmoen aurrean erresistentzia erabiltzeko hautua berresten dugu”.

Protestak

Lehenago ere egin dituzte gisako protesta ekintzak. 2015eko abuztuan, Coloniako ikatz meategia okupatu zuten 1.500 ekintzailek. Induskagailuak blokeatu zituzten eta meategiaren jarduera eten.  

Azken urteetan, klima aldaketaren kontrako ekintza ugari egin da. 2015eko uztailean, Londreseko Heathrow aireportua blokeatu zuten hamahiru ekintzailek: Plane Stupid mugimenduko kideak aireratze pistan kateatu ziren hirugarren pista bat eraikitzeko asmoa salatu eta aldaketa klimatikoaren arazoa ikusarazteko.