argia.eus
INPRIMATU
Greenpeaceko lau kide atxilotu dituzte A Coruñan, ikatz kamioi baten deskarga oztopatzeagatik
  • Greenpeaceko hainbat aktibistak A Coruñako portuan dagoen Medusa ikatz-biltegiaren sarrera blokeatu dute astearte goizean. Modu horretan, bertara zihoan Gas Natural-Fenosa konpainiaren –hura da biltegiaren jabea– kamioi batek bere zama hustea eragotzi dute. Ikatza erretzea berotegi efektuaren eragile nagusietakoa dela salatu nahi izan du elkarte ekologistak. Euretako lau atxilotu ditu Guardia Zibilak, eta beste bost aske utzi.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 05a
Ikatza klima aldaketaren eragile nagusietakoa dela salatzen duen ehun metro koadroko pankarta ipini dute Medusa biltegiaren kupulan (Arg.: Pedro Armestre)

Goizean goizetik arratsaldeko 17:00ak aldera arte, Greenpeaceko ekintzaile bi kamioiak husteko gune batean eskegita egon dira, ikatza deskargatzea eragotziz. Beste eskalatzaile batzuek “Klima Aldaketa Biltegia” zioen ehun metro koadroko pankarta ipini dute Medusa biltegiaren kupulan.

A Coruñako ekintza talde ekologistak Kantauri itsasoko kostaldean zehar egingo duen Helburua: Klima Salbatzea kanpainaren barruan dago. Esperanza ontzian, kanpainako kideak galiziar portutik abiatu eta hilaren 12an Bilbora iritsiko direla iragarri du Greenpeacek. Ondoren, astebete emango dute Bizkaian.

Esperanza ontziaren ibilbidea iragartzeaz batera, Klimaren Doilorrak txostena aurkeztu zuten. Espainiako Estatuan klima aldaketaren erantzule nagusiak zeintzuk diren azaltzen dute bertan.

Ikatza alboratu, energia garbiak sustatu

A Coruñako ekintzaren bidez, ikatza erretzea klima aldaketaren arrazoi nagusietakoa eta osasun arazo askoren jatorria dela ikusarazi nahi izan du Greenpeacek. “Espero dugu ekintza honek balioko duela [Espainiako] Gobernuak urrats bat egin eta lehenbailehen klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko lege bat gara dezan”, adierazi dute.

Zehazki, 2025erako Espainiako Estatuko zentral termikoak ixteko plana eskatu dio Greenpeacek PPren gobernuari. Era berean, Gas Natural-Fenosari galdatu diote bere ikatz bidezko zentral termikoen itxiera egutegia zehazteko eta energia berriztagarrietan oinarritutako ereduetan baizik ez inbertitzeko.