argia.eus
INPRIMATU
Ikasturteari ekiteko langile eta baliabide gehiago eskatu ditu irakasleen Agora elkarteak
  • Egungo baliabideekin Jaurlaritzaren protokoloak ezarritako osasun eta segurtasun baldintzak betetzea ezinezkoa dela salatu du. Ikasleen arteko arrakalak handituko direla ohartarazi du, eta hezkuntza Euskal Herri berdinzaleago bat eraikitzeko estrategikoa dela azpimarratu.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 21

Hezkuntza Sailak ikasturte hasierarako onartu dituen baldintzekin Jaurlaritzaren protokoloak jasotzen dituen segurtasun eta garbitasun neurriak errespetatzea "ezinezkoa" dela deritzo EAEko Filosofia Irakasleak biltzen dituen Agora Filosofia Elkarteak. Ikastaldeen gehienezko ratioak ez dira murriztu, eta horrek pilaketak ekarriko dituela. Ratioa 30 ikaslekoa da Batxillergoan eta 25ekoa Bigarren Hezkuntzan –Jaurlaritzak espazio itxi zein irekietan ezarri duen jende pilaketarako muga hamarrekoa denean–. “Gauzak horrela, ikasleen, langileen eta irakasleon zein beraien hurbilekoen osasun-baldintzak arriskupean jartzen ari dira”, salatu du Agorak. Langile gehiago eskatu ditu, irakasleez gain garbitzaileak, administrazio langileak eta laguntzaileak ere, “garbiketa/desinfekzioa eta antolaketa behar bezala gauzatu daitezen”.

Arrakalen sakontzea

Ikasleen artean sakondu daitezkeen arrakaletan ere jarri du arreta elkarteak. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako baliabideak ez direla handitu, eta kontrara, batzuk murriztu ere egin direla nabarmendu du. Besteak beste, Hauspoa eta Bidelaguna programak. Euskararen arloan Irale programari Jaurlaritzak eman dion “kolpea” deitoratu dute, “inoiz baino beharrezkoagoa denean”. Oro har, “arrakalak (teknologikoa, sexu-arrakala, hizkuntza-arrakala, bazterketa soziala…) are sakonagoak” bihurtu daitezkeela ohartarazi dute filosofia irakasleek, eta horren aurrean baliabideak areagotzea eskatu dute.

Hezkuntza estrategikoa da “Euskal Herri kohesionatu eta berdinkide bat” eraikitzeko, esan du Agorak. Horretarako baliabideak behar direla azaldu du, eta hezkuntza komunitate osoak “modu koordinatuan eta gardenean” lan egitea. Elkartearen iritziz, ordea, Eusko Jaurlaritza ez da ari norabide horretan lanean.