argia.eus
INPRIMATU
Ikasturtea denek gainditzea eta uztailean ikastetxeak irekitzea ez da egingo EAEn, Jaurlaritza aurka dago
  • Espainiako Estatuan ikasturtea nola amaitu zehaztu du asteazken honetan Espainiako Gobernuak, baina plan propioa duela erantzun du Eusko Jaurlaritzak: udako oporretan ikastetxeek ateak zabaltzea, adibidez, ez du onartu EAErako, ezta ikasle guztiek ikasturtea gainditzea ere, nahiz eta adierazi duen inork ez duela ikasturtea errepikatuko koronabirus krisiaren erruz.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 16a

Asteazken honetan Isabel Celaá Hezkuntza ministroak erkidegoetako Hezkuntza ordezkariekin egindako bileran adosturikoa ez da loteslea. EAEk, bere eskumenak baliatuz, plan propioa iragarri du jada. “Sailean denbora daramagu gure plana lantzen, eta bertan definituko dugu ikasleak nola ebaluatuko ditugun eta zein irizpideren arabera egingo dugun”, azaldu du Uriartek. Plana hezkuntza komunitateari “laster” jakinaraziko diola gaineratu du.

Klaustroek erabakiko dute

“Euskadin inork ez du ikasturtea errepikatuko koronabirusagatik, baina horrek ez du esan nahi ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutenik. Ikasturtearen bi heren presentzialki eman dira dagoeneko eta horri gehitu behar zaio hilabeteotako lana. Klaustro bakoitzak, duen esperientzia eta irizpide profesionalarekin, erabakiko du zeinek gainditzen duen eta zeinek ez”, zehaztu dute Hezkuntza Sailetik. Errepikatzea, dena den, salbuespena izango dela gaineratu dute.

Udan, ikastetxeak itxita

Asteazkeneko bileran adostu zuten beste puntuetako bat izan zen udako oporretan ikastetxeek ateak irekitzeko aukera izatea, laguntza behar duten ikasleengan pentsatuz. Horren aurrean, uztailean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan klaseak emateko aukera baztertu du Uriartek.