argia.eus
INPRIMATU
Ikasturte berriari ekin diote Hego Euskal Herrian milaka ikaslek
  • Hego Euskal Herrian 465.000 ikasle inguruk ekin diote ikasturte berriari gaur, aurreko urteetako COVID protokoloa atzean utzita. EAEn arazoak izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkapenen sistemarekin eta milaka ikaslek ez dute azken ordura arte jakin zein den beraien irakaslea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko irailaren 08a
Milaka ikaslek hasi dute ostegun honetan ikasturtea Hego Euskal Herrian (Europa Press)

Uda osoa oporretan izan eta gero, ikasleak itzuli dira ikasgeletara Hego Euskal Herrian –Ipar Euskal Herrian pasa den ostegunean hasi ziren–. EAEn 360.000 ikasle inguru dira, Haur Hezkuntzatik Batxilergo eta Lanbide Heziketaraino, klaseak hasiko dituztenak. Nafarroan, berriz, 106.000 dira ikasleak.

COVID-19aren kontrako neurririk gabe itzuliko dira oraingoan. Gainera, Lomloe hezkuntza legeak ekarritako aldaketak ezarriko dira kasu askotan, hala nola aldaketa metodologikoak: proiektuak landuz eta ikasgaiak gurutzatuz, etengabeko ebaluazioan sakonduz, eta curriculumean ere aldaketekin. Nolanahi ere, ikusi beharko da ikastetxeek eta irakasleek aldaketa horiek ezartzeko nahikoa baliabide izango ote duten eta zein norabide hartuko duten.

Arazoak Ordezkagunen

Hasiera ez da batere erraza izan irakasle eta ikasle askorentzat, Eusko Jaurlaritzako Ordezkagune plataforman arazo teknikoak izan baitituzte aste honetan, eta asteazken iluntzean 2.300 irakaslek oraindik plazak esleitu gabe zituzten.

Plaza libreak eskatu nahi izan dituzten irakasleei eragin die arazoak –plaza finkorik ez duten beste irakasleek uztailean jakin zuten euren lanpostua zein izango zen– eta, Eusko Jaurlaritzaren arabera, asteazkenean 20:00ak arte izan dute horretarako aukera plataforman, behin arazo teknikoa konponduta. Azken momentura arte, beraz, ez dute euren lanpostuaren berri izan.

EH Bilduk iragarri du gertatutakoagatik azalpenak eskatuko dizkiola Hezkuntza Sailari Legebiltzarrean, besteak beste jakiteko Ordezkagunek akatsak ematen zituela noiztik zekien Eusko Jaurlaritzak eta zein neurri hartuko dituen egoera berriz ez errepikatzeko.

"Errespetu falta"

Steilas sindikatuak salatu du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ordezko irakasleei izandako "errespetu falta", ikasturtea hasi baina egun bat lehenago "ordezkapen horiek bete gabe egotea errespetu falta izugarria da langileekiko, aurreikusi zitekeelako. Ezin da onartu".

LABek ere izandako "anabasa" salatu du eta ondorioak ere aurreikusi ditu: "Antolakuntza arazo larriak sortu ditu Hezkuntza Sailak ikastetxeetan; eta beste behin ere, ordezkogaiek, klaustroek eta ikasleek pairatuko dituzte ondorioak. Ikasle asko eskolara itzuliko dira eta ez dute izango irakasle eta hezitzailerik".