argia.eus
INPRIMATU
Ikasturte berrian euskararen gaia erdigunean kokatzeko eskatu du Kontseiluak
  • Pasa den ikasturteko itxialdiak ikasleen arteko hizkuntza-arrakala handitu zuen eta kaltea eragin zion hainbat ikaslek duten euskararen ezagutza eta erabilerari. Ikasturte berria gainean dela, “ezer gutxi entzuten ari da eskolaratzean euskararen gaiak izan beharreko arretaz”, adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 25a

Ikasturte berriko bide-orriak zehazten ari diren honetan, kezka da nagusi Kontseiluko kideen artean. Bilbaok gogoratu duenez, itxiladian “milaka eta milaka haurrek eta nerabek ez dute inolako loturarik izan euskararekin ia urte erdiz”. Horregatik, instituzioei eta bestelako eragileei dei egin die, eskolaratzean euskararen gaia ere erdigunean koka dezaten.

Kontseiluak joan den ekainean argitaratu zuen agirian zioen moduan, euskarak erdigunean behar du, baldin eta "berdinzaleagoa, demokratikoagoa, kohesionatuagoa eta eskubideen bermean oinarritutako etorkizun berri baten aldeko apustua egin nahi bada". Hezkuntzan ere, euskara gaitasunari dagokionez ikaslerik atzean ez uzteko, “ezinbestekoa da eskolaratze berri honetan hizkuntza ardatz izatea”.

Neurri zehatzak

Hainbat neurri zehatz proposatu dituzte: gaitasunen ebaluazioa egitea ikasturte hasieran, neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko; hizkuntza errefortzuak (HIPI-ak) indartzea; baliabide pertsonal eta materialak handitzea; ikasle ratioak egokitzea; ahozkotasuna jorratzeko errefortzuak lehen egunetik abian jartzea; eta ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten programak martxan jartzea.