Haur Hezkuntza ematen duten EAEko ikastetxe guztietako zuzendariak bilerara deitu zituen joan den astean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, matrikulazio prozesuaz hitz egiteko. Power-pointa euskaraz jarri eta azalpen guztiak gaztelaniaz egitea erabaki zuela, “gaia oso teknikoa delako”, horrela hasi zuen bilera Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak. Zuzendari ugari haserretzea eta azkenerako zutitu eta bilera uztea ekarri zuen horrek.
Bileran egon ziren zenbait pertsonak kontatu diote ARGIAri gertaturikoa. “Gaia oso teknikoa dela argudiatu zuen, a zer nolako argudioa! Euskaraz gai guztiei buruz hitz egin ezingo bagenu bezala", dio haserre zuzendarietako batek. Pedrosaren hitzen ostean, ikastola bateko zuzendaria altxatu egin zen, bere hizkuntza eskubideak urratzen ari zirela eta bilera gaztelania hutsez eginez gero atera egingo zela adieraziz. Beste hainbat ikastolatako zuzendarik ere beren haserrea adierazi zioten, Hezkuntza sailburuordetzatik hori planteatzea lotsagarria zela adieraziz.
Egoera oso tentsua sortu zen, Pedrosak leporatu zien “modu oldarkorrean” jokatzea, baina ARGIAren iturrien arabera, ez zuen hizkuntza aldetik bilera beste era batera planteatzeko soluziorik eman. “Txiza egin zigun burutik behera”. Azkenerako, asko izan ziren zutitu eta bilera utzi zuten zuzendariak. Hala ere, Pedrosak, hedabideen aurrean, positiboki baloratu zuen bilera.
Abenduaren 16an Gasteizen bi bilera antolatu zituen Hezkuntza sailak, batetik Bizkaiko ikastetxeekin, eta bestetik Gipuzkoa eta Arabakoekin. Horietako batean jazo zen kontaturikoa. Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, Xabier Aizpurua Hezkuntzako administrazio eta zerbitzuen sailburuordea eta ISEI-IVEIko zuzendari Eduardo Ubieta izan ziren bileran.
Ikastolen Elkarteak gutuna bidaliko du
Ikastoletako ordezkariek bilera utzi zutenez, Ikastolen Elkarteak beste bilera bat antolatu du ikastoletako zuzendariekin abenduaren 22an, Hezkuntza sailak kontaturikoa helarazteko. Horrez gain, Hezkuntza sailera gutuna bidaltzeko asmoa du Ikastolen Elkarteak, euskarari emandako tratua dela-eta bere egonezina adierazteko.