Azken hilabeteetan zeresan handia eduki du euskal hezkuntzan Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak egindako adierazpenak. Plataforma honakoak aldarrikatzen ditu. Batetik, itunpeko sarea desagertzea eta hezkuntza publikoa bakarra izatea; euren iritziz, hezkuntza sistemaren pribatizazioak segregazioa areagotzen du. Bestetik, A eta B hezkuntza ereduen desagerpena eta murgiltze hizkuntza oinarri duen eredu bakarra egotea: A eta B hezkuntza ereduek ez dutelako osotasunez euskalduntzen.
Gure hezkuntza sistemaren derrigorrezko etapetan ikasleen ia erdiek (%48) itunpeko ikastetxeetan ikasten dute; gehienak Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak eragileen eskupean dauden ikastegiak dira. Aipatutako elkarteek desadostasunak azaldu dituzte Topaguneko adierazpen guztiekiko; izan ere, euren eskolen nortasun eta eskumen guztiak galduko dira. Horrenbestez, gizartean eztabaida sutsua sortu da ikastolen publifikazioaren inguruan; hala ere, eztabaida garatu da hezkuntza sistemaren egoeraren azterketa sakon bat egin gabe. Horregatik, publifikazioaren alde edo kontra egon baino lehen testuinguruan ipini behar dira hainbat alderdi.
Lehenik, ikastola gehienak ezkutuan sortu ziren Francoren diktaduraren garaian; euskarazko hezkuntzak jazarpena pairatzen zuelako. Hala ere, Franco hil ostean ikastolak legeztatu ziren baina, euskaraz ikasteko eskubidea ez zegoen guztiz bermatuta; eremu pribatura mugatzen zelako. Egoera hori 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legeari esker aldatu zen. Ikastola batzuek sare publikora biltzeko erabakia hartu zuten; handik aurrera, gizarte osoak euskarazko irakaskuntza jasotzeko eskubidea ziurtatuta dauka. Baina, urteak pasatu diren heinean; itunpeko ikastolen eta publikoen arteko desberdintasunak handitu egin dira, jasotzen dituzten ikasleen ezaugarrien inguruan. Aniztasun kulturala askoz nabariagoa da eskola publikoetan hauek etorkin ugari jasotzen baitituzte bereizketa sozialak agertuz.
"Ez dira itunpeko ikastolak jomugan ipini behar euskal hezkuntza sistemak dituen arazoak konpontzeko. Gakoa euskal hezkuntzaren gaineko legediaren aldaketan dago"
Bigarrenik, gezurra izango litzateke esatea euskal hezkuntza sistemak dituen arazoak konponduko direla publifikazioaren bidez. Gaur egun Espainiako Estatuaren legeen bidez zuzentzen da gure hezkuntza sistema. Guztia publifikatzea eskoletako hezkuntza proiektuak Estatuaren legedia betetzen duen Eusko Jaurlaritzaren esku uztea da; nahiz eta, hezkuntza eskumena transferituta egon Gernikako Estatutuaren bidez. Horregatik, irtenbidea berezko euskal hezkuntza lege berri bat egitea da, zeinean auzolana, herri ekimenak eta hizkuntza murgilketa oinarri izanda, eredu publikoaren ezaguera desberdin bat ezarriko den EAEn. Horrela, alderdi politikoen erabaki alderdikoiak ez dira egongo.
Bestetik, gaur egun jaiotza tasa oso baxua da euskal gizartean; eta etorkinen matrikulazioak gero eta sarriagoak dira eskola publikoan. Hortaz, ikasgelak ez ixteko hurrengo hamarkadetan zailtasunak izango dituzte itunpeko ikastolak. Gainera, ikusi besterik ez dago nola Haur Hezkuntzako etapan hainbat ikasgela ez diren ireki azken ikasturteetan. Halaber, zentro osoen itxierak egin –Barakaldoko La Milagrosa, Ondarroako Txomin Agirre edo Bilboko Hijas de la Cruz—. Horregatik, Ikastolen Elkarteak pribatutasunarekiko duen jarrera birpentsatu beharko du, elkartearen menpe dauden ikastolen biziraupena bermatzeko.
Bukatzeko, aitortu eta miretsi beharra dago herritik eta herriarentzat sortu zirela ikastolak, eta euskal gizartearen gehiengo bat euskaldundu dutela; hainbat eskubide ukatzen zituen larderiazko erregimen politiko batean. Hala eta guztiz ere, azken urte hauetan iritzi zabala dago; enpresa pribatu bilakatu egin dira, horrek gizartearen zati batetik aldendu ditu. Beraz, ikastolak ez dira enpresak izan behar; baizik eta gizarte aniztasuna islatzen eta irabazi asmorik gabeko zerbitzua eskaintzen duten erakunde publikoak. Egoera horren bidez esparru berrietara ailegatuko dira; adibidez, etorkinak ikastoletan ikastera. Edonola ere, ez dira itunpeko ikastolak jomugan ipini behar euskal hezkuntza sistemak dituen arazoak konpontzeko. Gakoa euskal hezkuntzaren gaineko legediaren aldaketan dago.