argia.eus
INPRIMATU
Ikastolen lau jai udazkenean izango dira eta Nafarroa Oinez ez da egingo
  • Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak ematen aurten jaia egiteko.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 20a
Argazkia: Ikastolen Elkartea.

Bostetik lau jai egitea erabaki dute eta prestaketa lanetan ari dira dagoeneko. Hala ere, Ikastolen Elkarteak ohartarazi du datak gerturatu ahala ikusi beharko dela jaiak egiteko baldintzak betetzen diren ala ez. Gaur-gaurkoz jendetzak elkartzea ezinezkoa bada ere, antolatzaileek udazkenean bestelako egoera batean egongo garela aurreikusi dute, eta horregatik erabaki dute jaiak prestatzen hastea. Beraz, datak hurbildu ahala erabakiko dute aurrera egin ahal izango den ala atzera egin beharko den.

Gogorarazi dute jaiek, gozatzeko momentuak izateaz gain, hainbat helburu dituztela: ikastolen arteko harremanak estutu, euskal kulturari plaza eskaini, euskarari bozgorailua jarri eta finantzaketa lortu.

Antolatzaileek argi dute 2020ko jaiak ez direla orain arte bezalakoak izango, ezohiko egoerak eragingo duelako, eta jaiak berrasmatzen ari direla adierazi dute. Udazkenean osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak ezarriko dituztela aurreratu dute.