argia.eus
INPRIMATU
Ikastolen Elkartea: “‘Hau ez dadila gelditu’ ezin da izan itzuleraren helburua”
  • “Ikastetxeetara itzultzea non eta zein etapatan da beharrezkoena? Zergatik? Posible al da egitea osasun baldintzei jarraituta? Bi hilabetez konfinatuta egon eta gero, orain gela itxi batean, segurtasun distantziak mantenduta, mahaitik mugitu gabe, maskarekin itzuli behar dute nerabe hauek geletara? Non gelditzen da lan kooperatiboa?”, planteatu du Ikastolen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak ikasgeletara itzultzeko aurkeztu duen planaren aurrean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko maiatzaren 08a
Argazkia: Dani Blanco

Galdera horien inguruko gogoeta faltan botatzen dute ikastolek, EAEko Hezkuntza Sailaren proposamenean. Sindikatuek ere gogor kritikatu dute galdera asko geratu direla airean.

Arrakala ardatz

Itzulera antolatzeko, taldearen ordez ikasleen egoera hartu beharko litzateke kontuan, ikastolen iritziz. Azken boladan arrakala gero eta handiagoa dela nabarmendu den honetan, “ikasturte bukaerako plangintza ikasle horiengan zentratu beharko litzateke, egon diren desorekak zuzentzen” saiatzeko.

Ikasle gutxiago itzuli daitezela

Ikasgeletara itzuliko direnen kopurua murriztu den arren, segurtasuna bermatze aldera are gehiago mugatu beharko litzateke kopurura, Ikastolen Elkartearen ustez: Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek ez zuketen itzuli behar. Eta Batxilergoko 2. mailako ikasleak itzultzearen helburua USE egitea bada, proba hori prestatzeko momentuan jarri beharko litzateke fokua, ez lehenago. “DBH 4n ere, zer helburu jartzen zaio itzulerari? Ikasturtea bukatzeko gelditzen denerako, merezi du halako aztoramenduak?”.

Haurreskolak ez ireki

Sindikatuek eskatutakoaren ildo berean, ikastolek ere argi dute 0-1 urte artekoentzako gelak irekitzeak ez duela zentzurik eta horietan ezin direla behar bezala bermatu segurtasun-neurriak.

Prebentzio materiala

Prebentzio-materiala ikastetxeetan banatzeari dagokionez, Hezkuntza Sailak materiala ikastetxe guztiei helarazteko eskatu dute, ez soilik eskola publikoari. “Osasun-arazo orokor baten aurrean gaude, eta Sailak bermatu beharko luke ikastetxe guztiek izango dituztela material horiek, titulartasuna edozein dela ere”.

Ikastetxea dagoen hiritik kanpo bizi diren ikasleentzako garraioa aztertu beharko litzatekeela gaineratu du elkarteak.

Azkenik, zehaztasun gehiago eta aurrera egiteko hezkuntza komunitatearekin adosturiko plangintza eskatu dio Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Sailari.