argia.eus
INPRIMATU
Ikastolen Elkartea: “Proba ez egitea erabaki dezaketen ikastetxeen erabakia aintzat hartu beharko luke Jaurlaritzak”
  • Ikastolen Elkarteak agiria plazaratu du, LH3-ko ebaluazio proba pilotuaren harira. "Ez gaitu harritu hainbat eskola komunitatetako sektoreak egitasmo horren aurka agertu izanak, egitasmo hori LOMCEren aplikazioaren garapena baita", dio.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 07a

Ikastolen Elkartearen hitzetan, "behar-beharrezkoa da Lehen Hezkuntzaren erdi aldera ebaluazio diagnostiko bat egitea, baina beti ere orain arte egindako parametroetan, hau da, helburua ikastetxeek eta hezkuntza sistemak ikasleriaren eta ikastetxearen beraren egoera eta aurrerapenak ebaluatzeko tresna izan dezaten, eta, emaitzetan oinarrituta, ikastetxe bakoitzean hobekuntza programak adostu eta martxan jartzeko aukera izan dezaten, beren ikasleriaren beharretara egokituz".

"Lege horrek diagnostikora zuzendutako ezein ebaluazio planteamendu urardotzen du, eta baieztatu besterik ez du egiten eremu honetan ere lege horren logikatik ahalik eta gehien urrundu behar dugula eta geure hezkuntza sistema propiorantz eta hezkuntza lege berri baterantz pauso sendoak eman behar ditugula", dio Elkarteak. "Gaur egun proba hau egiteko dagoen arrazoi bakarra da LOMCEn aurreikusita dagoela. Hezkuntza Sailak uste badu Espainiako Gobernuak diseinatutako ebaluazio planteamenduak bere eskumenen zapalketa suposatzen duela, ebatzi beharko luke Lehen Hezkuntzako 4. mailan egin den probaren bitartez eskuratu direla LHko zikloaren erdi aldera ebaluazio diagnostikoa egiterakoan lortu nahi ziren helburuak".

Horren harira, Hezkuntza Sailari eskatu dio "bere eginkizunetan lehentasuna eman diezaiela Marko Pedagogiko berria aplikatzen hasteko beharrezkoak diren curriculum propioaren garapenari eta baliabide didaktikoen osaketari".

Halaber, Jaurlaritzari eskatu dio "beren autonomia erabiliz proba ez egitea erabaki dezaketen ikastetxeen erabakia aintzat hartzea". Ikastolen Elkarteak uste du erabaki horrek ikastetxe horiei ez liekeela ondoriorik eragin behar.

Sortzen: "Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu"

Sortzen Elkarteak ere oharra plazaratu du. Frogen kontra egin duten guraso eta hezkuntza eragileak babestu eta EAE eta Nafarroako administrazioen jarrera salatu du: "LOMCEren aplikazioa modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabaltzen aritu dira; lege honen kontrako mugimenduak ekiditea baldin bazen, justo kontrakoa lortu dutela esan behar diegu".

"Guk gaur, oso argi adierazi nahi dugu 3. mailako frogen kontra gaudela. Arrazoi asko ditugu kontra egoteko baina funtsean, LOMCEk edo eta HEZIBERRIk inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausua delako, hezkuntzan eman nahi dituzten beste aldaketa guztien bermea izango diren errebaliden lehen oinarria, hain zuzen ere".