Ikastetxeetan pandemiaren kudeaketa gero eta zailagoa egiten ari zaiela eta baliabideak behar dituztela adierazi du Ikastolen Elkarteak: “Inpotentziaz eta nekez bizitzen ari gara ematen ari diren hainbat egoera eta ez dagozkigun ardurak hartzen ari gara gure gain azkenaldian, Osasun sailetik erantzun eraginkorrik ez dugulako jasotzen”.
“Zuzendaritza taldeek haiei dagozkien ardura batzuk alde batera utzi behar izan dituzte Hezkuntza sailetatik datozen protokoloei aurre egiteko. Eta hala erabaki dugu, arduraz jokatu nahi izan dugulako”, azpimarratu dute ikastolek, Osasun eta Hezkuntza Sailen arteko irizpide-desberdintasunek eta protokoloen zehaztapen faltak ez dutela laguntzen nabarmenduz.
“Behin ikasleak etxeratuta, familiek adierazi digute Osasun sailetatik ez direla beraiekin harremanetan jartzen ari edo oso berandu ari direla. Ondorioz, gure familiengan egoera oso gogorrak sortzen ari dira. Egonezina hazten ari da etxe askotan”, salatu dute.
Ardurak eta baliabideak
Ikastolen Elkartea ez dago prest ez dagozkien ardurak hartzeko, “batez ere horretarako prestatuta ez gaudelako”. Osasun arduradunei dagokie osasun irizpideen araberako erabakiak kudeatzea, dio, COVID kasuen gestioa hezkuntza komunitatearen gain utzi beharrean.
Nafar Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egoera hau kudeatzeko baliabide gehiago jarri behar dituztela ere garbi du Ikastolen Elkarteak; “beren garaian jarri zituztenak ez dira nahikoak une honetan, eta ikasturte osoan zehar ere hala izango da”.
Eskola kirolean, "errazenera jo dute"
Eskola kirolaren asteburuetako jarduna EAEko hiru lurraldeetan bertan behera gelditu dela-eta, kritiko mintzatu dira ikastolak: “Orain arte asteburuko jarduna era seguru eta ordenatuan egin da, protokoloak zainduz, arduraz jokatu dugu ikastoletan. Aldiz, Administrazioek errazenera jo dute, berriro ere eskola kiroleko asteburuetako jardunaldia bertan behera utzi dute horrek izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu gabe. Eusko Jaurlaritzako arduradunei dei egiten diegu eskola kirolaren inguruko gogoeta egin eta asteburuetan ere kirola egiteko aukera ematera, horretarako beharrezkoak diren baldintza eta neurriak ezarriz”.
Umeen ongizate fisiko zein emozionalari begira, COVID-19ak, neurriek, protokoloek eta horien kudeaketak ikasle eta langileengan izan duten eraginaren azterketa sakona egitea ere eskatu dio administrazioari Ikastolen Elkarteak, “emaitzetan oinarritutako irtenbideak proposatu ahal izateko”.