Gurasoak, Oinherri, eta orain Ikastolen Elkartea: denek salatu dute ez duela zentzurik 6-12 urteko haurrak derrigortzea jolastokian musukoa janztera. Egoera berria, eragin emozionala eta beste herrialdeetan hartutako erabakiak izan dituzte hizpide ikastolek, eta Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete gainerako kolektiboei ezarritako irizpide berak erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere.
Txertorik jarri ez zaien kolektiboa izateak ez du justifikatzen neurria
“Gizarte mailan orokorrean hartu diren neurri berriek hezkuntza munduan ez dute isla bera izan, ez bederen Hego Euskal Herrian”, kritikatu dute ikastolek. Zehazki, Lehen Hezkuntzako haurrek patioan ere musukoa jantzi beharraz ari dira. “Ez diogu zentzurik ikusten haurrak kanpo espazioan dabiltzanean musukoaren erabilera derrigortzeari, are gutxiago helduok maskararik erabili beharrik gabeko gero eta gune gehiago irabazten ari garenean. Txertorik jarri ez zaien kolektibo bakarra izateak ez du justifikatzen neurri horri eustea, gainerako guneetan ez badute derrigorrezkoa musukoa erabiltzea”.
Alde emozionalari begira erabakiak sortzen dion kezka nabarmendu du Ikastolen Elkarteak: “Aire librean daudela musukoa erabiltzera derrigortzen dituzten kolektibo bakarra dira haur hauek; eta, gainera, musukoa erabiltzera derrigortuta dauden aire libreko eremu bakarra da eskolakoa. Hau da, sei eta hamabi urte bitarteko haurrak baztertuak senti litezke, eta, era berean, eskola eremu guztia har dezakete musukoa erabiltzera derrigortuta duten gune bakartzat”.
Ipar Euskal Herrian, Europako herrialde gehienetan bezala, 6-12 urteko haurrak musukorik jarri gabe dabiltza ikastetxeetan, jolastokian bezala gelan, gogoratu dute ikastolek. Haurren ongizateari erantzuten dion joera dela eta Hego Euskal Herrian bide bera jarraitu beharko litzatekeela uste dute. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete “gizartean eta eskolan bertan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere”.