Enbata hilabetekarian idatzi du Eneko Bidegainek artikulu hau.
Erregularki, ikastolei buruzko eztabaidak bazterrak inarrosten ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Abenduan, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea aurkeztu zuten, eta hari horretatik tiraka sekulako sua piztu da. Badira ikastolak begien bistan ikus ez ditzaketen pertsonak, ikastola horiek “pribatuak” direlakoan. Euskal Herriko testuinguruan, ez da oraingoa pribatutasunari eta publikotasunari buruzko eztabaida, baina badirudi batzuek ez dutela ikusi nahi ez dela gauza bera herri aske baten sare publikoa eta herri menperatu batena. EAEn ikastolen kontra egitea da pentsatzea EAEko egoera politikoa normalizatua dela eta ez dagoela Espainiaren menpe, eta “euskal” hezkuntzak ez diola obeditzen Espainiako Hezkuntza ministerioari; edo, bestela, eroso daude Espainiaren menpe, eta autonomismo batera mugatzen dira.
Dudarik gabe, hezkuntza “publikoan” ere badaude irakasleak euskal curriculumari jarraitzeko ahalegina egiten dutenak. Baina curriculum ofizialaren eta euskal curriculumaren arteko lehia horretan, funtsezko egitura da Ikastolen Elkartea, hori sortzeko eta zabaltzeko hauspo garrantzitsuena baita.
Bestalde, Ikastolen Elkartea da Euskal Herriko erakunde nazional handiena, AEKrekin batera. Ikastolen Elkartea ez da baliabidez oparoegia den erakunde bat, baina daukan indarra baldin badu, Euskal Herri osoan ikastolak dauzkalako da.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ez balitz ikastolarik (edo, dirulaguntzarik gabe funtzionatu behar balute), ederki kostako litzaieke bizirik irautea Tuterakoari eta beste hainbat lekutakoei, eta ederki sufrituko lukete Sohütan, Donapaleun edo Hiriburun (adibidez). Eta euskal curriculumaren hauspoak ere haize gutxi botako luke.
Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak dio “euskal hezkuntza sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu nahi” duela, “herri bezala, publikoaren, eskubide kolektiboen eta gure ume guztientzat aukera-berdintasunaren alde eginez”. Euskal hezkuntza-sistema osoaz ari direnean, baztertu dituzte Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Akats horren oinarrian dago azken urteetan ikaragarri ahuldu zaigun herri eta lurraldetasun ikuspegia.
Eta hori EAEko administrazioaren eta EAEko politikan ari diren alderdi politikoen eta sindikatuen erantzukizuna da, nagusiki. Euskal Herriaren arazoa erabat asimetrikotzat jo denetik, “hiru errealitateren” arabera jokatzen hasi ginenetik, elkarren arteko elkartasun faltak eta gauzak elkarrekin pentsatu gabe egiteak dakar batzuek politika pentsatzea soilik EAEko egoeraren arabera.
Eta beraz, ikastolen gaia ere EAEko errealitate administratiboaren arabera bakarrik ikustea. Herri honek aitzina egin behar badu, denen artean eginen du, baina EAEkoek beren ber kudeatu nahi badute dena, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria zailtasun handian jarriko lituzkete.
Zeren eta ikastolei buruzko eztabaida horren gibelean, muinean, ez baita bakarrik ikastolen auzia: beste hainbat arlotan agertzen den batasun falta ere islatzen du. Gure proiektu politikoa Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren aztaparretatik askatzea bada eta herri batu bat eraikitzea, Ikastolen Elkartea bezalako erakunde nazionalak baitezpadakoak ditugu.
Hezkuntzaren gaia estrategikoa da, bistan da. Konplexua ere bai, dudarik gabe. Baina, hain zuzen, euskal hezkuntza ez daiteke aztertu eta erabaki onartzen ez dugun antolaketa administratibo kaltegarri horren betaurrekoetatik. Antolaketa horrek ez digu balio dauzkagun galdera eta kezkei erantzuteko. Eztabaida lurralde osoan eta herri ikuspegiarekin egiten da, edo beti eroriko gara harri berean. Eta herri gisa desagertu.