Oro har Ipar Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako eskoletan gero eta haur gutxiago dauden arren, Seaskak azaldu du ikastoletan ikasle kopuruak gora egin duela aurten: 3.388 ikasletik 3.492ra. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak azaldu du, hala ere, Zuberoko ikastoletako lanpostuak mantentzeko zailtasunak dituztela.
Kazeta.eus-ek jaso ditu Indoren adierazpenak: "Xiberoako Basaburua eskualdean, Akademia ikuskariarekin urteroko bataila dugu, hainbat postu kendu nahi izaten baititu, kalkulu matematiko hutsean oinarrituz, herri eta eskualdeen biziraupena ahantziz".
Berriki irekitako ikastola txikien garapena azpimarratu du Indok eta Beskoitzekoa, Ziburukoa edo Bidartekoa jarri ditu adibidetzat. Bigarren Hezkuntzan ere ikasle kopuruak gora egin duela gaineratu du Seaskako lehendakariak.