Modu kezkagarrian ari dira zabaltzen gure herri askotan, eta bai hezkuntza-komunitateko zenbait eragileren artean ere, ikastolen eta eskola publikoen arteko lehia eta mokoka aritzeko jarrerak. Elkarrekiko itxura gabeko deskalifikazioak eta mespretxuak. Noizbehinka, zenbait iritzi-artikulutan ere, adierazpen oso dogmatikoak irakurtzen ditut.
Ez nau kezkatzen eztabaidak, oso aberasgarria izan daitekeelako eta hezkuntzari buruz askoz gehiago egon beharko litzaketelako, gai estrategikoa baita Euskal Herriaren etorkizunari begira. Baina jarrerak kezkatzen nau, eztabaida partzialak eta arinki egindako adierazpenak ikusten ditudalako eta, batez ere, hezkuntzaren arloan buru-belarri lanean ari diren besteekiko errespetua falta sumatzen dudalako.
Arinki egindako adierazpenak aipatzen ditut, eta horrelakoak egin dira, adibidez, ikastolen mugimenduak azken berrogeita hamar urteotan euskara eta euskal kulturaren alde egin dituen ekarpenak eta gaur egun ere betetzen duen akuilu-lana lau hitzetan ahantziz edo mespretxatuz mintzatzea. Zeren, herri-iniziatibaz sorturiko hezkuntza-mugimendu pribatua dela besterik gabe esatea eta pribatu gisako trataera eman behar zaiola aldarrikatzea edo bere ibilbidean euskarari, pedagogiari eta eskola-ereduari egin dizkion ekarpenak kontuan ez hartzea errealitatea modu oso partzialean aztertzea baita.
Era berean, injustizia handia da euskararen zabalkuntzari dagokionez eskola publikoak egin dion ekarpena ez aitortzea, zeren mugarri izan baita gizartean modu naturalean euskararen presentzia hedatu izana. Eta, zer esanik ez, gizartearen berdintasuna eta integrazioa bermatze aldera, miserablea da eskola publikoaren lan eskergaitza ez txalotzea. Zentzu berean, zitalkeria da "administrazioaren eskola" gisara jotzea, bestelako eskola-ereduaren bidean herri eta auzo askotan egiten ari diren lana isilduz.
Horretan guztian, batzuen zein besteen aldetik, giza miseria gehiegi dago zenbaitetan, zeren, ustezko eztabaida serioen atzean, norberaren interesak ezkutatzen baitira, hala nola, kasu batzuetako matrikulazio-lehia, lanpostu zehatzekiko interes propioa, edo esperientzia eta bizipen pertsonalak. Zeren, zilegi izan daitezkeen zenbait iritzi lekuz kanpokoak bihurtzen baititugu besteak deskalifikatzeko erabiltzen ditugunean.
Baina sakon-sakonean, bada argitu eta eztabaidatu behar dugun ideia bat, eta hori, Publikotasuna da, nire ustez gehiegitan modu partzialean eta testuinguru propiotik kanpo aztertzen duguna.
Sakon-sakonean, bada argitu eta eztabaidatu behar dugun ideia bat, eta hori, Publikotasuna da, nire ustez gehiegitan modu partzialean eta testuinguru propiotik kanpo aztertzen duguna
Hemeretzigarren mendetik gaurdaino, publikotasun kontzeptua administrazioari loturik egon da soilik. Horrela, Frantzian eta Espainian, bi eratako eskolak daudela esanez, pribatuak eta publikoa, inor ez da bazterturik sentitzen, ondo islatzen baitu bertako errealitatea. Baina Euskal Herriaren historian, bada fenomeno bitxi bat, Europa osoan bakarra dena: "Herri-ekimenak hezkuntzan izan duen eragina". Eta herri-ekimen hori askotarikoa eta zabala denean, guztiontzat zabalik dagoen zerbitzua eskaintzen duenean, administrazioaren goi-mailako kontrolak ontzat ematen duenean, eta gainera eragileen borondatea publikoa izatea denean, ez da ulergarria izaera publikoa-ren errealitatea ez aitortzea.
Administrazioak herriaren izenean eskaintzen dizkigu oinarrizko zerbitzu publikoak, hala nola osasungintza, hezkuntza, pentsioak, haur zein pertsona helduentzako zerbitzu sozialak, elbarrientzako baliabideak... Baina zer gertatzen da gizarteak berak zerbitzu horiek bere esku hartzen dituenean, eta administrazioarekin batera, modu zabalean eta elkar lanean eskaintzen dituenean? Negozio pribaturik tartean ez dagoenean, herritartasuna ez al da publikoaren parekidea? Areago, herri-ekimenak ez al dio gehigarri osagarria eskaintzen publikotasunari?
Bai, badakit titulartasunaren gakoa askatu behar dela. Baina zerk egiten du ezinezko herri-ekimena publikotzat jotzea? Publikotasun kontzeptua ezin al da errealitate berriari egokitu? Beti kanpokoen menpe jarraituko al dugu? Espainiarren eta Frantziarren legeak al ote dira nahitaez gure erreferentzia bakarrak? Noizko herri gisara sortutako antolakuntza-ereduak errespetuz jasoko dituen legeria?
Gizartea eraldatu nahi dugun guztiontzat, oinarrizko ariketa da herri-ekimenaren ezinbestekotasuna aitortzea. Ez dago egoera aldatzerik auzolana eta herri-ekimena indartu ezik. Guraso, irakasle eta herritarren protagonismo zuzenik gabe ez dugu inoiz hezkuntza euskaldun eta nazionalik izango. Herri-ekimena beharrekoa da Euskaraldia bezalako mugimenduak indartzeko, euskara normalizatzeko, eta nazio modura dagokigun hezkuntza-sistema propio eta berria eraikitzeko.
Bai ikastolek eta bai eskola publikoek badute zer ikasia elkarrengandik. Biak ala biak dira amesten dugun Eskola Berriaren zutabeak. Gaur egungo errealitatetik abiaturik eraikiko dugu berria. Eta elkarrekiko errespetuan aritzen bagara, asko irabaziko dugu. Bide antzua da elkar mespretxatzea. Badugu zer egina elkarlanean, mokoka aritzeari uko eginez. Izugarria da esku artean dugun erantzukizuna.