argia.eus
INPRIMATU
Ikastola bat irekitzeko proiektua garatzen ari dira Ahetzen, eta Arbonan bigarren bat sortzeko zalantzak dituzte
  • Seaska eta Ahetzeko auzapez Phillippe Elissalde elkarlanean ari dira herrian ikastola bat irekitzeko. Arbonako Herriko Etxeak ere asmo bera iragarri zuen, baina Marie-José Mialocq auzapezak “Ahetzeri lekua uztea” lehenetsi du. Seaskako lehendakari Paxkal Indoren esanetan, aldiz, bi herrietan ikastola bana irekitzea “beharrezkoa” da.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 02a
Euskarazko hezkuntzaren aldeko manifestazioa ipar Euskal Herrian (Arg: Ikastola Aldizkaria)

Ahetzen ikastola irekitzeko lanetan ari direla baieztatu dute Seaskak eta Herriko Etxeak, baina tentuz ari dira: “Ikastola bat hauskorra den zerbait da. Denborarekin lasaiki garatu dadin, lortu behar dugu ikastola segidan ongi integratzea lurraldean”, aipatu du Indok.

Elissaldek, orobat, esan du ikastola baten sortzea ez dagoela soilik bere esku.

Arbona herrian eskola publiko berri bat irekitzeko lanean ari dira, eta Seaska bilkura batean parte hartzeko gonbidatu zuten arren, proiektua ikastola gabe abiatu dute. “Tokia utzi diogu Ahetzeri, jakinik ez direla bi ikastola irekitzen ahal bi herrietan”, azaldu du Mialocq auzapezak.

Seaskako Paxkal Indok, ordea, esan du bi herrietako populazioa garatzen ari dela, eta posible dela herri biek ikastola izatea.