Ikastolaz ikastola joango dira osatzen ipuin ibiltaria: ikasleek idatzi eta ilustratuko dute, aurreko ikastetxetik jasotako kontakizunaren haria jarraituz. Hogeitabat ikastolatatik igaroko da liburua eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan ari diren gazteek hartuko dute parte (14-15 urte ingurukoek).
Sopelako Ander Deuna ikastolak hasiko du liburua eta, beraz, bertako ikasleek jarriko dute gaia; hortik Leioako Betiko ikastolara egingo du salto eta Euskal Herriko beste ikastola ugaritako ikasleek beren ekarpena egin ostean, Lizarrako ikastolan emango diote amaiera liburuari. Ikastetxe bakoitzak orri bana izango du ipuinaren zati berria idazteko eta irudia egiteko. Hogeitabat ikastetxetako ikasleen arteko elkarlanaren fruitu izango da emaitza; aurrekoek utzitako arrastoari segida ematea izango dute erronka.
Ongi pasatzea, esperimentatzea eta sortzea helburu
Ikastolen jaien barruan kokaturiko ekimena da hau. Ikastolen Elkartearen hitzetan, jai hauen asmoetako bat da “euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei”.