argia.eus
INPRIMATU
“Ikastetxez ikastetxe egindako lanketak bere emaitza izan du”
  • Greba orokorrak hezkuntzan izan duen jarraipenarekin pozik daude ELA, LAB eta STEILAS sindikatuak. EAEn %75 inguruko jarraipena izan du grebak ikastetxeetan (%80 haurreskoletan) eta Nafarroan, “gehiegizko zerbitzu minimoak” tarteko, hezkuntza publikoan %50era ez da iritsi jarraipena, baina 0-3 zikloan %72koa izan da. Ikastoletan, %90eko jarraipena izan du Hego Euskal Herrian eta unibertsitatean EHUren hiru campusetan apenas izan den aktibitaterik. LABek eman dizkigu datuok.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko urtarrilaren 30
EHUn apenas izan den jardunik gaur (arg: LAB)

Haurreskolen eta eskola publikoaren datuak ELArekin partekatu ditu LABek, eta batez besteko orokorra eman digu STEILASek: %70-75eko jarraipena.

LABetik nabarmendu dute Arabako campusean fakultate guztiak kontuan hartuta bost klase baino ez dituztela eman, Donostikoan %5eko aktibitatea izan dela eta Leioan aparkalekuak eta autobusak hutsik ikusi dituztela. Finean, ikasle asko eta asko ere kalera atera baitira gaur.

300 batzarretik gora

Ikastetxez ikastetxe, 300 batzar baino gehiago egin dituzte aurreko hilabeteetan sindikatuek langileekin, “eta horren emaitza ere bada hau. Batzar horiek, gainera, greba orokorraren parte dira nolabait, gure mezua helarazi ahal izan dugulako zentroz zentro, langileekin eztabaidatu, eta kontzientziazio lan hori guztia erronka izan da”, azpimarratu dute ELAtik.

Gurasoek erantzun dute

Hezkuntza grebetan gurasoek duten garrantzia eta kasu honetan izan duten inplikazioa aipatu digu STEILASek: gurasoen aldetik erantzun ona izan dela diote eta seme-alaba asko ez dituztela eskolara bidali.

Irakasleak, seinalatuta

Kontrol handiena itunpeko ikastetxe erlijiosoetan egon dela salatu du LABek. Hainbat eskolatan, gurasoei bidalitako oharrean adierazi dute zein klase duten gaur eta zein ez, alegia zein irakaslek egingo duen greba eta zeinek ez, eta hori greba eskubidea oztopatzea dela gogoratu du, azken egunean bertan erabaki baitezake langileak greba egitea. Gainera, halako oharrekin “nolabait irakaslea seinalatzen ari zara, kontrolatzen, eta zatiketa bilatzen”.