argia.eus
INPRIMATU
Ikastetxeetan mugikorra debekatzeko eskatu diote guraso taldeek Jaurlaritzari
  • Ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izan daitezen araudia sortzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari hainbat guraso taldek, gutun bidez eta sinadura bilketa abiatuta. Gaur gaurkoz, eskola bakoitzaren bizkar dago erabakia: mugikorra onartu ala ez eta zein baldintzatan. “Mugikorrak ikasgeletatik kanpo utzita ebidentziak argi uzten du gure seme-alaben garapena, ikasketa prozesua eta hezkuntza sistema bera hobetzen direla”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko irailaren 24a

Seme-alabek lehenengo mugikorra izateko adina atzeratu asmoz biltzen hasi eta teknologien inguruan gogoetatzen ari diren guraso taldeek osatzen dute Altxa Burua. Orain, beste ekimen bati ekin diote: eskolak mugikorrik gabeko gune izendatu daitezela lortzeko, ahalik eta talde gehienek Hezkuntza Sailari gutuna bidaltzea nahi dute, baita norbanako ahalik eta gehienek ekimenarekin bat egiten dutela sinatzea ere.

"Jakin badakigu, mugikorra bistan edo eskura izate hutsak gure arreta erakartzen duela ezinbestean eta irakasleak ez daudela eskoletan polizia lanak egiteko"

Berriki, ikasgeletan mugikorra erabiltzeari buruzko eztabaida prozesua iragarri du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, ikastetxe bakoitzak egin beharrekoa. Baina ardura eskola bakoitzaren bizkar utzi ordez, araudi orokorra eskatu dute aipatu guraso taldeek, beste lurralde batzuetan egin den moduan, mugikorra eskolatik kanpo gera dadin. “Jakin badakigu, mugikorra bistan edo eskura izate hutsak gure arreta erakartzen duela ezinbestean eta irakasleak ez daudela eskoletan polizia lanak egiteko. Gainera, irakasleak eta ikastetxea bera babesik gabe daude eskola esparruan ematen diren jazarpenen aurrean (kasu, ikasgeletan irakasleei baimenik gabe egiten dizkieten argazki eta bideoak, eta bestelakoak)”. Bertako langileei “baliabideak eta babesa” emateko, marko juridiko baten beharra azpimarratu dute: “Ezin dugu erabakia eskola bakoitzaren autonomiaren gain utzi”.

Akademikoki nahiz harremanetan, mugikorrak bazter uztearen “ondorio positiboak ez dira gutxi”, diote, edo beste era batera planteatuta, “ikasgeletan mugikorrak izateak hezkuntza sistema nolabait hobetzen al du? Erantzuna argia da: Ez. Ez dago hori babesten duen inongo ebidentzia sendorik”.